Culinary_Zinema_Zinea.eus

Basque Culinary Center, Donostia Zinemaldiak eta Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak elkarlanean antolatzen duten Culinary Zinema saila ezagutzera eman dute gaur Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinos, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak eta Thomas Struck Berlingo Zinemaldiko sail homonimoko arduradunak. Tartean, bi euskal ekoizpen.

Bego Zubia Gallastegiren Sagardoa Bidegile dokumentala lehiaketatik kanpo aurkeztuko dute, eta Xabi Gutiérrezen Txingarra laburra ere Donostia Zinemaldian izango da ikusgai. Lehenak Euskal Herriko sagardogileen lana aztertuko du, ibilbide kultural, gastronomiko, zientifiko eta historiko bat proposatuz. Bigarrenak, aldiz, lau diziplinatako artistak batu ditu: Xabier Gutiérrez sukaldaria, Juan Vich margolaria, Ander Fernández musikaria eta Pello Gutiérrez errealizadorea. Txingarra kontzeptutik abiatuta, bakoitzak bere interpretazioa egin du.

Horrez gain, Mugaritz jatetxeari buruz Pep Gatellek osatu duen Zeharbidean. Ekinaren sena, Mugaritz dokumentalak zabalduko du Culinary Zinema atala; dokumental filosofiko eta etnologikoa da, sorkuntza-prozesuak eta haren aldagai posibleak gainditu dituen jatetxearen atzean dagoen lantaldea erakusten duena.

Sariak eta sarrerak

Orotara hamazazpi film izango ditu sailak, eta lehiaketan bederatzik hartuko dute parte; Tokyo Gohan Film Festivalak aukeratutako epaimahai batek 10.000 euroko saria emango dio irabazleari. Era berean, zazpi emanalditan afari tematikoak egingo dituzte.

Saileko proiekzioetarako eta afarirako txartel bateratuak irailaren 1ean jarriko dituzte salgai 67,20 euroan.