Iazko arrakastaren ostean, Gasteizko Artium Museoak zinema eta gastronomia batzen dituen programaren bigarren edizioa antolatu du abuztuaren 12tik irailaren 2ra bitarte, asteazkenetan.

Antolatzaileek diotenez, publikoak sorkuntza eta kultura garaikidea beste era batera gozatzeko aukera izango du. Uneotan, museoak hiru erakusketa nagusi eta bisita gidatuak eskaintzen ditu, eta udako programa berri honen bidez, bisitariei gastronomiaren ikuspegi kulturalago bat eskainiko diete.

Lau astez, asteazkenetan, egingo dituzte saioak. Hasteko, museoan ikusgai dagoen artelan bat aztertuko dute. Segidan, sukaldaritzarekin zerikusia duen film bat proiektatuko dute, eta bukatzeko, esperientzia gastronomiko bat bizi ahal izango dute bertaratuek Cube-Artium jatetxean.

Lehen egunean, hilaren 12an, Blake Edwardsen The Party (1968) proiektatuko dute; bigarrenean, abuztuaren 19an, Peter Greenawayren The Cook, The Thief, His Wife and Her Lover (1989); hurrengo asteazkenean, abuztuak 26, Lasse Hallströmen Chocolat (2000), eta azken egunean, irailak 2, Nora Ephronen Julie & Julia (2009).

Sarrerak 7,5 euro balioko ditu, eta Artiumeko Adiskideek 5 eurotan erosi ahal izango dute. Abuztuaren 1ean jarriko dituzte salgai.