Irailaren 21ean, 63. Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan, Lara Izagirre zornotzarraren lehen film luzea, Un otoño sin Berlin, proiektatuko dute. Gainera, Zinemira sailaren baitan izango da, eta Euskal Zinemaren Irizar saria irabazteko lehiatuko da.

Irene Escolar, Tamar Novas, Ramón Barea eta Lier Quesada aktoreek hartu dute parte Izagirrek berak idatzi eta zuzendutako filmean. EHUn Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen, eta New York Film Academy eskolan jarraitu zituen ikasketak. Aldiz, Bartzelonako ESCAC eskolan gidoigintza masterra egiten ari zela prestatu zuen film honen gidoiaren oinarria, eta ondoren, Eusko Jaurlaritzak emandako beka bati esker, berau garatu zuen.

2010ean Gariza Produkzioak ekoizpen etxea sortu zuen sorterrira itzulita, eta ondorengo urteetan Bycicle Poem (2010), KEA (2011), Larroxa (2013) eta Sormenaren bide ezkutuak (2013) film laburrak (azken hori Donostia Zinemaldiko Culinary Zinema atalean aurkeztu zuen urte hartan bertan), eta Next Stop Greenland (2012) dokumentala ekoitzi eta gidatu ditu.

Baina Un otoño sin Berlin bere lehen luzea da. June du protagonista, denbora batez atzerrian bizi ostean jaioterrira itzuliko den gaztea, eta bertan Diegorekin zuen harremana berreskuratzen ahaleginduko da.

Filma, esan bezala, irailaren 21eko Euskal Zinemaren Galan proiektatuko dute, eta Irizar saria eskuratzeko lehian ariko da.