Uztailaren 29tik abuztuaren 1era luzatuko da Korterraza film laburren jaialdiaren seigarren edizioa. Orotara 20 film labur izango dira ikusgai Artiumeko barne-plazan, eta 22:00etako emanaldien aurretik, musika kontzertuak ere izango dira.
Film laburrak ezagutaraztea, eta bereziki, Arabako ekoizpenei ikuslego zabalago baten aurrean aurkezteko aukera ematea, ditu helburu Gasteizko Korterraza jaialdiak. Azken bost edizioetan 2.500 lagun baino gehiago hurbildu dira emanaldietara, eta ekimenaren arrakasta ikusirik, aurtengoan, Gasteizen ez ezik, Arabako hainbat herritan ere programatu dituzte saioak uztailean zehar Korterraza Araba izenburupean.
Korterraza Gasteizen seigarren edizioari dagokionez, emanaldiak lau egunetan egingo dituzte: uztailaren 29tik abuztuaren 1era. Lehen egunean, Dummie taldeak kontzertua eskainiko du 20:00etan, eta horren ostean inaugurazio ekitaldia egingo dute 21:45ean, segidan, 22:00etan, lehen bost film laburrak proiektatzeko.
Jaialdiak dinamika berbera jarraituko du datozen egunetan, kontzertuak lehenik, emanaldiak ostean; eta horrez gain, hilaren 30ean Txema Blasco aktore gasteiztarra omenduko dute.
Ikusgai izango diren laburren artean, Jaume Balagueróren Inquilinos, Silvia Abascalen No digas nada, edota Paco Plazaren UV daude. Uztailaren 30a labur arabarren eguna izango da, eta Francisco Loriteren La carta, Moisés Romera Pérez eta Marisa Crespo Abrilen Valentina, Miguel García de la Caleraren El pintor de sombras, Pedro Moreno del Osoren Lugares remotos, eta Paul Urquijo Alijoren El bosque negro izango dira ikusgai. Proiekzio guztiak ikusteko, sartu hemen.