Zinemaldia_Euskal_Filmak_Zinea.eus

Madrilen egoitza duen Zinemaren Akademian irailaren 18tik 26ra luzatuko den 63. Donostia Zinemaldian proiektatuko dituzten film espainiarrak aurkeztu dituzte gaur. Guk euskal parte-hartzea dutenak ekarriko ditugu gurera. Ondorengoak:

Amama

Asier Altunak, Txintxua Films ekoizpen etxearen bidez, egungo baserri giroa pantailaratuko du Amama filmean. “Gatazkari buruzko familiarteko istorio bat. Hiriaren eta landa-gunearen, iraganaren eta orainaren, gurasoen eta seme-alaben arteko gatazkena, hain zuzen”. Iraia Elias, Amparo Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Kandido Uranga eta Klara Badiola ditu protagonista. Sail Ofizialean lehiatuko da bergararraren lan berriena. Euskaraz.

Mi gran noche

Alex de la Iglesia bilbotarrak, ostera, Raphael abeslaria eta beste dozena bat aktore bildu ditu Urte Zaharretako telebistako programa baten grabaketari buruzko filma osatzeko. Hala dio aurkezpen testuak: “Langabezian dagoen Jose, Urte Zaharretako programa berezi batean figurante gisa lan egitera bidaliko du aldi baterako laneko enpresak. Abuztua da. Josek bezalaxe, ehunka pertsonak aste eta erdi daramate gau eta egun ezin aretotik atera, barrezka ari diren itxurak egiten, urte berriaren gezurretako etorrera inozoen moduan ospatzen”. Lehiaketatik kanpo izango da ikusgai, Sail Ofizialean. Gaztelaniaz.

Pikadero

Erresuma Batuko Ben Sharrock zuzendariak eta Irune Gurtubai elorriarrak osatutako lanak bikote gazte baten harremanean krisiak duen eragina pantailaratuko du. “Dirurik ez duen bikote batek arazo larriak izango ditu gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Zailtasun horiek kolokan jarriko dute amiltzen ari den ekonomiatik askatzen saiatzen ari den amodio-historia bat”. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga dira filmeko protagonistak. Zuzendari Berriak sailean proiektatuko dute. Euskaraz.

Lejos del mar

Imanol Uribek ETAko kide ohi baten eta bere biktima baten alabaren arteko harremana aurkeztuko du Lejos del mar filmean. “Santi kartzelatik aterako da eta hegoaldera bidaiatuko du, Emilio ikusteko. Kartzelako kide izandako lagunak gaixotasun terminal bat du. Ustekabean Marinarekin egingo du topo; lagunaz arduratzen den medikua da. Santik topaketa izugarria izan zuen harekin hainbat urte lehenago, eta horrek bien bizitza markatu du ordutik”. Sail Ofizialeko proiekzio berezietako bat izango da. Gaztelaniaz.