Inside_Out_Second_PosterZuzendaria: Pete Docter, Ronaldo del Carmen

Herrialdea: AEB

Urtea: 2015

Pixar etxearen azken pelikula da Inside out. Trailerra kaleratu zutenetik, noiz estreinatuko zain izan naiz. Riley haurra da protagonista; gurasoekin batera San Frantziskora joan behar du bizitzera, eta bere burua kontrolatzen duten bost emozioek ez dute aldaketa oso erraz bideratuko. Poza (Joy), Haserrea (Anger), Beldurra (Fear), Tristura (Sadness) eta Nazka (Disgust) dira Rileyren mugimenduak gidatzen dituzten pertsonaiak. Jaio zenetik ari dira lanean, dena kontrolpean mantenduz eta une zoriontsuak sortuz, baina hamaika urteko neskaren bizitzan gertatu berri den aldaketak ordura arte sortutakoa kolokan jarriko du. Pozaren gidaritzapean, abentura berri bati ekingo diote, Riley zoriontsua izan dadin berriz ere.

Zer esan Pixar etxeari buruz… Lan bakoitzarekin aurrekoa hobetzen dutela dirudi. Up pelikularen fan sutsua izanik (nor ez zen hasierako muntaiaz maitemindu?), ezin dut esan film honek haren maila gainditu duenik, baina maila berean dagoela ziurtatu dezaket. Gidoi bikaina, zuzendaritza paregabea eta maiteminduko zaituzteten pertsonaiak (Sadness benetan mundiala da) dira Inside Out filmaren gakoak.

Irudimen askoko lana da. Gure garunaren funtzionamendua erakusten digu inoiz irudikatuko ez genukeen eran; ametsen lurraldea, pentsamendu abstraktuena, ahaztutako oroitzapenen garbiketa, irudizko lagunak… Baina bitxikeria horien gainetik, nolabaiteko zentzua duela aitortu behar dut (eta Pixarren pelikula gehienekin bezala, haurrek filma zein neurritan ulertuko duten galdetzen diot neure buruari).

Azken batean, gure bizitzan agintzen duten emozioen lana irudikatu dute Docter eta Del Carmenek, umorez eta abenturaz beteriko, baina era berean, malkoak eragingo dizkizun pelikula honetan. Esan beharrik ez dago, animaziozko film bat izan arren, haurrek galduko dituzten detaile “heldu” asko dituela, eta ziur nago zinema aretoetan gurasoen barreak entzungo direla haurrenak baino ozenago. Azkenaldian, guztiz konbentzitu ez ninduten pelikulen kritikak egin ditut, eta oso pozik nago pelikula honekin erabat gozatu dudalako. Beraz, zuei ere haur, gazte, heldu zein adinekoei zuzendutako lan honetaz disfrutatzera joateko gomendioa luzatzen dizuet.