Film laburrak atsegin dituzu, eta nazioartean arrakasta izaten ari diren lan ezezagun horien berri izan nahi duzu? Bada, hauxe da zure aukera. Jatorria Londresen duen baina herriz herri ibilian dabilen Future Shorts Festival-en 2015eko udako edizioa Bilbora helduko da abuztuaren 5ean, asteazkena, 19:00etan. BilbaoArten izango dira ikusgai Kroazia, Iran, Finlandia, Lituania, AEB, Grezia, Franzia eta Holandatik heldutako proposamenak.

Future Shorts Festival nazioarteko jaialdi interesgarri bezain hedatua da. 2011az geroztik, 90 herrialdetako 300 hiri baino gehiagotan proiektatu dira antolatzaileek hiru hilean behin hautatzen dituzten nazioarteko film laburrak. Hala, tokian tokiko elkarte, erakunde, areto edo dena delakoak jaialdiko arduradunekin harremanetan jartzeko aukera du, eta kuota bat ordainduta, hiruhileko bakoitzeko lanak proiektatu ditzake berak nahi duen lekuan.

Halaxe egin ohi du, hain zuzen, BilbaoArtek, eta 2015eko Summer Season aukeraketa gurera helduko abuztuaren 5ean. 90 minutu inguruko saioa izango da, eta orotara zortzi film labur proiektatuko dituzte 19:00etatik aurrera, ondorengoak:

Una Gunjak-en The Chicken kroaziarra, Sare Shafipour iraniarraren The Tree, Finlandiatik datozen Hannes Vartiainen eta Pekka Veikkolainen-en Emergency Calls, Karolis Kaupinis-en The Noisemaker lituaniarra, Minke Farthing-Kohl-en Stray Dogs estatubatuarra, Irene Dragasaki greziarraren Schoolyard, Paul Cabon frantsesaren Storm Hits Jacket, eta Holandatik helduko zaigun Thomas Baerten eta Wim Geudens-en De Smet. Laburrei buruzko info gehiago, hemen.