Kattin Txiki Oiartzungo memoria historikoaren elkarteak Trabajadoriak, frankismoaren esklabuak Oarsoaldean dokumentala aurkeztuko du larunbat honetan Oiartzungo Udaletxean, 11:00etan. Ekitaldi berean Luis Ortiz Alfau eta errepideak eta gotorlekuak eraikitzen aritu ziren gainerako lagunei omenaldia egingo diete. Gainera, testigu izandakoen lekukotasunak ere izango dira.
Elkarteak ohar baten bidez azaldu duenez, 1939ko altxamendu faxistaren ostean, Oarsoaldeko lagun ugari preso hartu eta kontzentrazio eremuetara eraman zituzten. Haietako askok langile batailoietan amaitu zuten derrigorrezko lanak egin eta euren kondenak betetzen.
Espainiar estatuan 550 langile batailoi osatu zituzten, horietako 70 baino gehiago Euskal Herrian. Oarsoaldean, zehazki, 12.500 presoz, gutxi gorabehera, osatutako hemezortzi talde aritu ziren lau urtez errepideak eta gotorlekuak eraikitzen; lanok Aritxulegin, Pikoketan, Jaizkibelen, Lezon, Gaintxurizketan, Arkalenen, Erlaitzen, Errenterian eta Pasaian egin zituzten.
Alfau Luis Ortiz Bilbon jaio zen 1917. urtean. Hemezortzi urte zituenean hasi zen Gerra Zibila, eta liburuak alde batera utzi behar izan zituen soldaduska egin eta gerrara joateko. Besteak beste, 38. langile batailoian aritu zen lanean, eta Oiartzunera eta Bidangoitzera bidali zuten errepideak eraikitzera. Haren hitzetan, idazteko makinari monumentu bat egin beharko litzaioke, makina, irrati eta morse kodeari esker arinagoak egin baitzitzaizkion gerra garaiko urteak.