argi filma

Datorren astelehenetik, uztailak 20, abuztuaren 7ra bitarte, Elorrioko (Bizkaia) kaleak XX. mende erdialdeko dekoratu bilakatuko dira Iratxe Mediavillaren Argi filmaren errodajea dela-eta. Bertan, 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetako Euskal Herria eta euskararen egoera aztertuko ditu Argi izeneko neska baten ikuspegitik.

Egunak daramatzate Elorrioko kale eta etxeak Frankismo amaierakoak bailiran dekoratzen. Herriko istorioak eta euskararen ezkutuko erabilera izango ditu ardatz Argi filmak, izan ere, bertako bizilagunek etxean bakarrik hitz egin zezaketen euskaraz.

Iaz Arriola – 24 ordu digitalean jaialdiko lehen saria  eskuratu zuen Mediavillak Il Marquesse film laburrarekin, eta aurten bere lehen film luzea osatzen ausartu da. Elorriokoa izanik, bere herriak omenaldi bat merezi duela aitortu du, eta horretarako, baliabide askoko proiektuan murgildu da. Crowfunding bidez, pelikula aurrera ateratzeko beharrezkoak zituen 5.000 euro bildu ditu; are gehiago, bizilagun guztien laguntza jaso du lantaldeak.

Yannick Bergarak gorpuztuko du Argi gaztea, eta, besteak beste, Eneko Sagardoy, Maribel Salas, Asier Hormaza, Ylenia Baglietto, Sara Cozar, Felix Arkarazo June Gomez eta Garazi Gomez izango ditu lankide. Musika Elorrioko Antton Uriartek (Gorantz Erori taldea) osatuko du.

Bada, filmak figurante ugari beharko ditu (200 gutxienez) eta lantaldeak bertara gerturatu nahi duen orori gonbidapena luzatu dio. Figurante lanak egin nahi izanez gero, aldez aurretik argifigurazioa@gmail.com helbidera idaztea komeni da.