Zuzendaria: Mariana Chenillo
Herrialdea: Mexiko
Urtea: 2013
Carmen eta Alfredo Mexikon bizi den bikote zoriontsua da. Gizen samarrak biak. Alfredoren lanpostu berriagatik Mexiko D.F.ra lekualdatuko dira. Haien txakur Croqueta gurasoekin utzi eta hiribururantz abiatuko dira. Carmenek ez du bizitza berria ilusio handiz hartuko, eta senarraren enpresa berriak antolatutako afari batean bi neskak haietaz barre egiten dutenean, argaltzeko talde batean emango du izena. Senarra ere dieta hastera behartuko du, gainera, baina denbora igaro ahala senarra argaldu egingo da, eta Carmen ez. Frustrazioak eta senarraren dietarekiko obsesioak bikotea elkarrengandik aldenduko du.
Film atsegina da Paraíso. Pertsonaia maitagarriak dira Carmen eta Alfredo, pelikula bateko protagonista izatea espero ez duten pertsona xumeak, elkarrenganako duten maitasunak are maitagarriago egiten dituenak. Eta hanin zuzen, beren mundu partikularrean kuxkuxean ibilbtzeko aukera ematen digu Paraisok. Detailez jositako istorioa da: Carmenen hanburgesa formako belarritakoak, globo arraina, bikotearen kanta den Alaskaren Ni tú ni nadie, edo Croqueta izeneko txakurra. Sukaldaritza klaseak antolatzen dituen kuadrilla galiziarrak ere badu bere xarma. Ezaugarri txki horiek guztiek izugarri aberasten dute filma. Carmen eta Alfredoren papera antzezten duten aktoreak ere bikainak dira.
Argumenturik gabe gelditzen den pelikula da, ordea, Chenillak zuzendutakoa. Planteamendu interesgarria du, eta gatazkak berak ere joko asko ematen duela iruditzen zait: Alfredo argaldu ahala, orduan eta urrunago sentituko du Carmenek, eta horrek dieta alboratzera eramango du, nahiz eta hasiera batean haren ideia izan. Baina gatazka hori agortu egiten da bigarren ekitaldian. Eszenak errepikatu egiten direla iruditu zait, istorioa moteldu egiten dela eta argumentua eten.
Oso erraz aurreikusi daitekeen argumentua du, beraz, Paraisok, eta lehen aipatu bezala, bigarren ekitaldia motel samarra da, Chenillak gatazka lantzeko duen erak berau agortzen duelako. Hala ere, istorio arrunt bezain ederra kontatzen duen filma da. Gehiegi espero gabe, Carmen, Alfredo eta haien detaile txikiez maitemindu zaitezten gomendatzen dizuet.