Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak hiru emanaldi atondu ditu uztaileko ostiraletarako. 20:00etan eta 21:30ean abiatuko dituzte zuzeneko kontzertuak Falerina lorategian, eta 00:00etan entzundako musikarekin lotura duten filmak proiektatuko dituzte. Sarrera doakoa izango da.
Swing doinuak izango dira progatonista gaur, uztailak 3, Gasteizen. Jazz 4 Joy eta The Cherry Boppers taldeen emanaldiekin hasiko da gaua 20:00etan, eta 00:00etan Swing Kids (Thomas Carter, 1993) klasikoa proiektatuko dute jatorrizko bertsioan euskarazko azpitituluekin. Krispetak ez dira faltako!
Uztailaren 10ean, datorren ostirala, John Berkhout oiartzuarrak ariko dira lehenik, eta 00:00etan Rodríguez musikari misteriotsuari buruzko Searching for Sugar Man (Malik Bendjelloul, 2013) filma eskainiko dute.
Hilaren 17an, ostirala baita ere, Unclose taldearen txanda helduko da. 21:30ean hasiko dute kontzertua, eta haien ostean Control (Anton Corbijn, 2009) izango da ikusgai. Joy Division taldeko Ian Curtisen bizitzari buruzko filma da.