Game_of_Thrones_Zinea.eus

Game of Thrones telesail arrakastatsuko denboraldi berriaren zati bat Nafarroan errodatuko dute datorren irailaren 20tik 25era, eta figuranteak topatzeko casting-a egingo dute bihar, uztailak 4, Tuteran . 800 gizon eta 400 emakume behar dituzte, “kirolariak eta beltzaranak”.

1,75 metro baino gehiago neurtzen duten gizonezkoak eta 1,70 metro baino garaiagoak diren emakumeak behar dituzte Game of Thrones telesaileko seigarren denboraldian dothraki herriko lagunak haragitzeko. Orotara ezaugarri “mediterraneoak” (“kirolariak eta beltzaranak”) dituzten 800 gizon eta 400 emakumek hartuko dute parte errodajean.

Horregatik, bihar, uztailak 4, casting-a egingo dute Tuterako Jesuiten Eskolan goizeko 8:00etatik aurrera. Alerta laranja dela-eta, ura eta babeskiak eramateko galdatu dute Modexpor Internacional agentziako lagunek.

Errodajea irailaren 20tik 25era egingo dute, eta egun bakoitzeko 50 euro ordainduko dizkiete figuranteei. Kokaleku zehatza ez dute jakinarazi.