Urtea: 2014
Herrialdea: Israel
Bost urteko haur bat dugu filmeko protagonista nagusia. Yoav du izena, eta haur berezia da. Pertsona heldu batenak diruditen poemak idazten ditu. Bat batean, leku berean aurrera eta atzera ibiltzen hasten da eta “poema bat daukat, poema bat daukat” esaten du, segidan olerki bat errezitatzeko. Bere irakasle Nina berezitasun horretaz jabetuko da, eta haurrarengan jarriko du atentzio osoa, bere talentua garatu dezan. Umearen inguruak ez du haren berezitasuna onartzen, eta Ninak esfortzu handia egin beharko du haurraren sormena babesteko.
Nahasmena. Nahasmena da film honi buruz datorkidan lehen hitza. Izan ere, kosta egiten zait ondorio argi bat ateratzea. Ez dut ulertu. Ez dut pelikula ulertu. Ez dakit Lapidek zer kontatu nahi izan duen, ez dakit zein den pertsonaia nagusien motibazioa, ez dut kameraren erabilera ulertzen. Nahasita dago dena. Eta azken batean, horrek pelikularekiko interes urria eragiten du.
Ez naiz pertsonaiekin identifikatua sentitu. Lehen aipatu bezala, ez ditut haien jokabideak ulertu. Ondorioztatu dezakedan bakarra Nina erotuta dagoela da, eta umearekiko duen obsesioa handitzen joango da pelikulan zehar. Baina hori hala bada, zer azaldu nahi digu Lapidek? Hasiera batean, zera pentsa genezake, gaur egun Israel bezalako herrialde batean poesiak (eta era zabalago batean, arteak) jasaten duen “mespretxua” edo ezjakintasuna salatu nahi duela. Baina helburua hura balitz, ez luke arte hori babestu nahian dabilen pertsonaia ero bat bezala erretratatuko, pertsona gaizto bat bezala aurkeztuko. Kontraesan bat litzateke. Beraz, galdu egin naiz.
Bestalde, kameraren erabilera ezohikoa ere aipatu beharra dago. Pelikularen une batzuetan Lapidek baliabide nahasgarriak erabiltzen ditu: kamerara begiradak, subjektiboak diruditen zentzurik gabeko planoak, pertsonaiak kameraren objektiboari (konturatu gabe, nik uste) jo eta ondorioz kamerak egiten duen mugimendua mantentzea… Logikarik aurkitzen ez diodan momentuetan erabiltzen ditu errekurtsook. Ez dira une klimatikoak eta gehienetan protagonistak ez diren pertsonaietan gertatzen dira. Orduan, zertarako erabili errekurtso horiek? Batek daki. Aurkitu dezakedan azalpen bakarra zuzendariak Ninaren eromena inplizituki ikuslegoari helarazi nahi izatea da. Baina, hala bada, berriro ere hasierako galderara itzultzen gara: zer kontatu nahi digu Lapidek lan honekin? Emakume baten eromenari buruz hitz egin nahi du? Poesiari buruz? Niri behintzat, ez zait argi gelditu.
Abiapuntutzat oso ideia polita du, baina istorioak aurrera jarraitu ahala, abiapuntu hori galdu egiten dela iruditzen zait, eta suspensea edo misterioa sorrarazi nahi duten baliabide eta pertsonaia batzuek erabilita ikuslegoa nahastu egiten duela.