Bilbao-Bizkaia. EXTERIOR-DÍA datorren hilabeteetan Bizkaiko hainbat lekutan grabatuko diren film laburren talde-egitasmo berria da. Zinebik bultzatuta, zazpi film laburrez osatutako film luze bat grabatzea da asmoa, eta emaitza azaroaren 19an estreinatuko da jaialdian bertan.
Pedro Oleak, Javier Rebollok, Enrique Urbizuk, Mikel Ruedak, Luis Maríasek, Imanol Uribek eta Alaitz Arenzanak eta María Ibarretxek (Sra. Polaroiskaren sortzaileak) osatzen dute taldea eta bakoitzak zazpi lanetako bat zuzenduko du.
Bilboko eta Bizkaiko ekonomiaren motor berria izan daitekeen hiri espazioen katalogoa osatzeko asmoz, ahal beste ikuspegitatik filmatutako hiriaren erretratua osatzen saiatuko dira zazpi zuzendariak. Horretarako, Mallonako hilerri zaharra, Casilda Iturrizar parkea, Zorrotzaurreko industria hondakinak edo Los Caños pasealekua bezalako leku ezagunetan filmatuko dute. Bada, filmatzen hasiko diren lehenengo proiektua Javier Rebollosen El amigo imaginario film laburra izango da, eta datorren asteburuan Bilboko kaleak filmaren eszenatoki bihurtuko dira.
Grabaketa lanak udan zehar egingo dira irailean amaitzeko intentzioz. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (Zinebi), Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bilbao-Bizkaia Filmek sustatu dute Bilbao-Bizkaia. EXTERIOR-DÍA filma, azaroaren 19an ikusi ahal izango dena.