Que Horas Ela Volta?

Aurtengo Berlingo Zinemaldian ikusleen saria jaso duen drama brasildarra gaur helduko da euskal zinema aretoetara. Sao Pauloko familia aberats batentzako lan egiten duen Val emakume zorrotza da Anna Muylaerten filmeko protagonista. Etxeko ordenak apurtezina dirudi Valen alaba Jessica helduko den arte. Orain 13 urte senide batzuekin utzi zuenetik ez du alaba ikusi Valek, eta gaztearen etorrerak zalantzak eragingo dizkio.

Haganenet (The Kindergarten Teacher)

Israeldik, ordea, Nadav Lapiden filma jasoko dugu: Haganenet. Bost urteko haur batek poesia egiteko sekulako talentua duela ohartuko da irakasle bat, eta ingurukoen iritziaren aurka, hura babesten ahaleginduko da. 2014ko Sevillako Zinemaldian 2. film onenaren saria eskuratu zuen, Zilarrezko Giraldilloa.

https://youtu.be/Qsf5_Rthoqg

Une heure de tranquillité

Patrice Leconte frantziarraren 2014ko komedia da honakoa. Besteak beste, Christian Clavier, Carole Bouquet, Valérie Bonneton eta Rossy de Palma aktoreek hartu dute parte jazza maite duen Michaelen goiza pantailaratzen duen lanean. Ordubete besterik ez du nahi aurkitu berri duen diska berezia entzuteko, baina haren emazteak, semeak, bizilagunak, maitaleak… goiza aldrebestuko diote.

De toutes nos forces

Nork bere ahulguneak gainditzeari buruzko drama dakarkigu, bestetik, Nils Tavernierrek. Julien gazteak tetraplegia du, baina bere ametsa urtero Nizan (Frantzia) egiten duten Ironman triatloi gogorrean parte hartzea da. Horregatik, aita lanik gabe geratzeb denean, hura konbentzitzen ahaleginduko da elkarrekin parte hartzeko.

Spy

Eta asteko komedia estatubatuarra Spy da, Paul Feigek zuzendutako espioitzari buruzko lana. Melissa McCarthy Susan Cooper CIAko agente sedentarioaren azalean sartuko da. Haren lankidea (Jude Law) eta beste agente bat (Jason Statham) desagertu egingo dira, eta haiek eskatzeko misioan parte hartzeko bere burua aurkeztuko du Susanek.

San Andreas

AEBetatik, baita ere, Brad Paytonek gidatutako akziozko San Andreas lana helduko zaigu. Hain zuzen, filmaren izen berbera duen faila zabaldu egingo da, eta horrek sekulako lurrikara eragingo du Kalifornian. Ray helikoptero pilotua (Dwayne Johnson) eta haren emazte ohia (Carla Gugino) Los Angelesetik San Frantziskora joango dira Blake alaba salbatzera.