Clouds_of_Sils_MariaZuzendaria: Olivier Assayas

Urtea: 2014

Herrialdea: Frantzia

Ez nuen esperantza handirik. Egia esan, alferkeria ematen zidan filma ikustera joateak. Ez dakit kartelagatik zen, aktore konbinazio bitxiagatik… Edonola ere, gogo gutxirekin hartu dudan filma da. Baina harritu egin nau. Onerako.

Maria Enders (Juliette Binoche) aktore frantses famatua da, hemezortzi urterekin egin zuen lanagatik ospetsua. Orain, hogei urte geroago, antzezlan berean parte hartzeko proposamena jasoko du, baina beste pertsonaia bat haragitzeko, 40 urteko andrazkoa. Mariak ez du oso argi ikusten, hemezortzi urteko Sigrid pertsonaia ulertzen baitu, eta ez da identifikatua sentitzen 40 urteko Helenaren ahuleziarekin. Bere laguntzailea den Valentinen (Kristen Stewart) aholkuak beharko ditu lana aurrera atera ahal izateko. Obraren autoreak Sils Marian duen etxera joango dira bi emakumeak, antzezlanaren kokalekura, eta bertan pertsonaia bakoitzaren oinarriei eta psikologiari buruz eztabaidatuko dute.

Oso bikote interesgarria osatzen dute Binoche eta Stewartek. Binocheri buruz azalpenik eman behar ez den arren, Kristen Stewart ere bikain dagoela azpimarratu behar da. Aitortu behar dut betidanik gustatu izan zaidala Stewart. Berezia da. Eta bere filmetako maila zalantzagarria alde batera utziz, pertsonaia desberdinak sortu izan ditu beti. Ohiz kanpokoak. Pelikula honetan, ordea, ez da gustu kontua. Antzezpen aparta egin du, benetan. Are gehiago: Binochen antzezlan bikainari ere lagundu diola iruditzen zait.

Edonola ere, Binoche eta Stewartek antzezturiko bi pertsonaien arteko harremana da Clouds of Sils Maria interesgarri egiten duena. Anbiguotasunarekin jokatzen du Assayasek. Antzerki obraren entseguak egiten ari direnean zalantza izango dugu esaten ari direnari buruz: obraren parte da, ala benetan beren buruari buruz hitz egiten ari dira? Sigrid eta Helena (obrako pertsonaiak) ari dira hizketan, edo Valentine eta Maria dira? Interpretazioan dago kontua. Valentine eta Mariak era desberdin batean interpretatzen dute antzerki obra, eta Assayasek ikuslegoaren interpretazioarekin jokatzen du anbiguotasuna baliatuz.

Denboraren igarotzeari buruz hitz egiten digun film honetan, Binochek, urteak pasa arren, indarra galtzen ez duela ikusiko dugu. Eta Stewart bezalako aktore-generazio berriei lekua eginez, antzezlan interesgarriak atera daitezkeela.