Garapenak mundo osoko spots-etan eta hainbat herrialdetako surf ohituretan izan duen eragina landuko du aurtengo Surfilm Festibalak. Horregatik, Surfa, Arkitektura eta Hirigintza leloa jarri diote ekainaren 24tik 28ra, asteazkenetik igandera, luzatuko den Donostiako jaialdiari.
Txile izango da aurtengo herrialde gonbidatua, eta horrez gain, Japonia, Irlanda, AEB, Frantzia eta Euskadiko surflariak hurbilduko dira jaialdira. Emanaldietan ez ezik, bestelako ekintzetan ere hartuko dute parte. Esaterako, ekainaren 24an 19:00etan Surfa, Arkitektura eta Hirigintza izenburupean, gaiaz hausnartu, eztabaidatu eta mintzatzeko aukera izango da Okendo Kultur Etxean, eta Taro Tamai eta Yoshihiko Kushimotok Future of surfing mintzaldia eskainiko dute Aquariumean hilaren 25ean, 19:30ean.
Ekainaren 27an, larunbata, halaber, Hurrengo Olatua jaialdia egingo dute goizeko 10:00etatik 19:00etara Zurriolako hondartzan bertan, eta 20:00etatik aurrera jaiak zabalgunean jarraituko du. Aintzinako tablak erabiliko dituzten sei surflariko mangak egingo dituzte formatu herrikoia izango duen txapelketan, eta musika zein emanaldiak ez dira faltako.
Emanaldiei dagokienez, hilaren 26an 22:30ean Koldo Almandozen Zeinuak (2015) eta Pedro Tembouryren La primera ola (2015) eskainiko dituzte Antzoki Zaharrean, eta hurrengo egunean Chris Malloyren The Fisherman’s Son (2015), Masaki Sekiguchiren Persona (2015), Jon Aspururen Izustarri (2015), Iker San Martinen Deepwater Surf (2015), eta Mickey Smithen Aileens (2015) eskainiko dituzte Saguesen 22:45ean, kalean.
Info guztia kontsultatzeko, sartu hemen.