Zuzendaria: Leticia Dolera
Urtea: 2015
Herrialdea: Espainia
30 urte dituen Maria de las Montañas dugu Requisitos para ser una persona normal filmeko protagonista. Lanaren zuzendari eta gidoigile den Leticia Dolerak antzeztu du, gainera, protagonistaren papera. Lan-elkarrizketa batean pertsona “normala” izatea zer den galdetzen diotenean, zerrenda bat osatuko du Mariak, eta ezaugarri bakar bat ere betetzen ez duela ohartuko da: ez du lanik, etxetik bota dute, ez du ez bikote ez lagunik, familiarekin duen harremana oso hotza da, eta ez du afiziorik. Ikeako langile den Borja ezagutuko du orduan, eta itun bat egingo dute: hark normala izaten lagunduko dio, eta Mariak, trukean, argaltzen lagunduko dio.
Leticia Doleraren lehen filma da. Komedia erromantikoa da, oso “moñoñoa”, baina komedia erromantiko gehienak bezala, eurreikusten nahiko erraza. Kontakizun nagusiak oso une gutxitan harrituko zaitu (nola amaituko den asmatzea ez da oso zaila), baina horrelako pelikula bat ikustera zoazenean ez duzu harridura edo sorpresarik espero, eta badago plazer puntu bat istorioa nola garatuko den aurreikusi ahal izate horretan. Nolabaiteko lasaitasuna ematen digu.
Pertsonaiak oso xelebreak dira. Eta xelebretasun horrek, beharbada, lehen aipatu dudan “aurreikusteko erraztasun” horrekin hausten du, zertxobait bada ere. Ez dira ohiko pertsonaiak, eta horrek filma aberasten du. Maria de las Montañas lagunik, bikoterik eta ia bizitzarik ez duen neska da, amaren etxera itzuli behar izan du eta normala izateko desiatzen dago. Borja Ikeako langile ilegorri potolotxoa da, haren amonarekin bizi da eta argaltzeko desiatzen dago. Biak ari dira gizartean nagusi diren ereduekin bat egiteko borrokan; pertsona normalak izan nahi dute (nahiz eta bakoitzak bere erara interpretatzen duen “normal” izate hori).
Filma gomendagarri egiten duena, ordea, berezitasunei, xelebrekeriei eta gizarteak normaltzat hartzen ez duen orori egiten zaion omenalditxoa da. Azken batean, normalak diren pertsonaiak nahiko gorrotagarriak dira, eta protagonistak ezberdin egiten dituzten ezaugarriak dira aldatu nahi ez dituzunak. Normala izatea aspergarria baita.