Euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko helburua duen Filmazpit programak Bilboko Zinegoak LGBT Zinemaldiko azken edizioan aurkeztu zituzten sei lan bilduko ditu aurrerantzean. AEB, Brasil, Danimarka eta Kanadako film laburrak dira.
Elisa eta Denise 11 urteko lagun minen istorioa kontatzen duen Doce de Goiabada (Fernanda Rocha, 2014) lan brasildarra, lagunarekin maiteminduta dagoen Mathiasen En eftermiddag (Soren Green, 2014) film danimarkarra, elbarritasun bat duen gizon baten oreka eta intimitatearen bilaketari buruzko Hole (Martin Edralin, 2014) danimarkarra -goian trailerr-, liburutegi batean jolasean ariko den nerabe talde bati buruzko Miss Finknagle Succumbs to Chaos (Amy Harrison, 2013) estatubatuarra, drag queen gisa diharduen Pepperri buruzko lan homonimo estatubatuarra (Marc Cleary eta Craig Robert Young, 2013), eta Unibertsitatean hastekoak diren Clark eta Trevor nerabeen abenturak ardatz dituen Tomorrow (Leandro Tadashi, 2014) estatubatuarra dira katalogora sartuko diren sei lanak.
Hain zuzen, Zineuskadik finantzatzen duen eta Donostia Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak eta Tabakalerak, Donostia Kulturarekin batera, kudeatzen duten Filmazpit katalogoan aurki daitekeen 38. erreferentzia izango da, eta datozen hilabeteetan Coria y el mar (Diana Nava, 2014), Difret (Zeresenay Mehari, 2014), Drill Baby Drill (Lech Kowalski, 2013), Girlhood (Céline Sciamma, 2014), Miel (Valeria Golino, 2013) eta What We Do in The Shadows (Taika Cohen, 2014) filmak ere euskarazko azpitituluekin kaleratuko ditu programak.