Datorren hilaren 18an, Nafarroako Filmotekak Zinema eta dantza izenburupean proiekzio bikoitza egingo du. Alde batetik, Mikel Subiza zuzendari nafarraren Habitar (2013) izango da ikusgai, eta bestetik, Iñaki Sagastume ekoizle nafarraren Homing (2014). Emanaldia 20:00etan hasiko da.

Habitar lanak (goian trailerra) eskulturaren eta dantzaren arteko loturaren inguruan hausnarketa egiten du, Eduardo Chillidaren obra abiapuntutzat hartuta. Subizaren hitzetan, “espaziorik gabeko lekuen osotasunak kezka sortzen du; leku horietan agertzeko aukera itxi egiten da, eta gauzei izaten uzten dien hasiera beteta, itxita aurkitzen da”. Hamabost minutuko lan honetan Laida Azkona, David Pérez, Guy Nader eta Ghislaine Verano aktoreak ikusiko ditugu espazioaren, hutsuneen, maitasunen eta maitaleen arteko harreman-moduen inguruan sakontzen.

https://youtu.be/NptzflqDk60

Homing filmak, ordea, mundu basatitik zibilizaziorako bidaia erakutsiko digu. Otso-talde batek hazitako neskatxa hirira itzuliko da eta bidean haren portaera aldaraziko duten hainbat pertsonaiekin topo egingo du. Xabier Iriondok zuzendutako lan honek ez dauka elkarrizketarik eta ordu erdian Carolina Mancuso, Marina Mascarell, Michael Carter, Kevin Quinaou eta Nina Botkay dantzariak ikusi ahal izango ditugu.

Sarrerak euro bateko prezio sinbolikoa du eta filmotekako webgunean bertan eros daiteke. Gainera, Nafarroako Filmotekak beste bi hitzordu prestatu ditu ekainerako: 25ean, Blue Lips eta 29an, Sarasate.