Gidoigintzan trebatu nahi duzu? Bada, Elkarrizketa errealista bat osatzeko 7 sekretuak izeneko online ikastaro laburrean izena emateko epea zabalik duzue ekainaren amaiera bitarte.
Valentín Fernández-Tubau gidoigile eta aholkulariak Elkarrizketak Zinemako Gidoian online ikastaro arrakastatsua sortu zuen; horrez gain, lehen ezagutzak eskuratzeko Elkarrizketa errealista bat osatzeko 7 sekretuak online ikastaro laburra ere argitaratu zuen, eta 2015eko edizioa hil honen amaierara bitarte eskura daiteke “eman-nahi-duzuna” formatuan. Alegia, euro bat ordaindu beharko da gutxienez ikasgai bakoitzeko, eta hortik aurrera, ikasle bakoitzak egoki deritzon diru kopurua ordaindu ahal izango du.
Honenbestez, zinemarako elkarrizketa bat sortzerako orduan aintzat hartu beharreko zazpi alderdiak azaltzen ditu Fernández-Tubauk. Lehen atalean elkarrizketek gidoiaren baitan duten garrantzia azpimarratzen du, bigarrenean pertsonaien inguruan dihardu, hirugarrenean pertsonaien hizkeraz, laugarrenean gidoietako elkarrizketek hizketa errealekin dituzten aldeak aipatzen ditu, bosgarrenean elkarrizketa on baten autonomiaz, seigarrenean ohiko akatsak, eta zazpigarren eta azkenean elkarrizketon sinesgarritasuna.
Izena emateko, ondorengo helbidean sartu besterik ez duzu.