Zineuskadi_Zinea.eus

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak kudeatzen duen Zineuskadi irabazi-asmorik gabeko elkarteak martxan dituen laguntza-ildoak aurkeztu zituen atzo Donostiako Trueba Zineman, eta bereziki, hiru pantaila baino gutxiago dituzten zinema aretoak babestuko dituztela azaldu zuen Clara Montero Zineuskadiko lehendakari eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sustatzeko zuzendariak.

Euskal Autonomia Erkidegoan 66 zinema-areto daude eta 177 pantaila: Gipuzkoan 29 areto eta 70 pantaila, Bizkaian 27 areto eta 89 pantaila, eta Araban 4 areto eta 18 pantaila. Aretoen %100 digitalizatuta daude, eta proiektatzen diren filmen %35 baino gehiago europarrak dira.

Bada, Zineuskadi elkarteak zinema aretoak laguntzeko 160.000 euro bideratuko ditu. 125.000 euro hiru pantaila baino gutxiago dituzten aretoentzat izango dira, eta 25.000 euro areto handiagoentzat. Aldiz, 10.000 euro Zinema Euskaraz programako filmak proiektatzen dituzten espazioei bideratuko dizkiete.