Victor Erice zinegileari eskainitako zikloa egingo dute Bilboko Azkuna Zentroko Zinematekan ekainaren 17tik uztailaren 9ra. Besteak beste, El espíritu de la colmena (1973), El sol del membrillo (1992) eta La norte rouge (Soliloquio) (2006) izango dira ikusgai.
Azken 40 urteetan film kopuru handia ekoitzi ez duen arren, Victor Erice bizkaitarraren lanek oso kritika positiboak jaso izan dituzte beti adituen partetik. Berari eskainitako zikloan, orotara, 11 lan izango dira ikusgai, fikzioak zein dokumentalak, Ericek zuzendutakoak eta baita hark gidoigile edo ekoizle gisa osatutakoak ere.
Lehen emanaldia ekainaren 17an egingo dute, eta Golem Zinemetako 2. solairuan, 18:00etan, El espíritu de la colmena ederra eskainiko dute; 1973ko Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra eskuratu zuen Ericek lan honengatik. Segidan, 20:00etan, Canneseko Zinemaldian aurkeztu zuen El sur (1983) izango da ikusgai.
Hilaren 24an, ostera, leku eta ordu berean, 1992ko Canneseko Zinemaldian epaimahaiaren saria eta FIPRESCI saria jaso zituen filmaren txanda helduko da, El sol del membrillo, eta ondoren, 22:30ean, Alain Bergalak Ericeri berari buruz 2010ean osatutako dokumentala: Victor Erice: Paris-Madrid Allers-Retours.
Hurrengo egunean, ekainak 25, La norte rouge (Soliloquio) eta Alumbramiento (2002) eskainiko dituzte 19:00etan, eta uztailaren 1ean, asteazkena, Erice-Kiarostami: Correspondencias (2005), eta Aki Kaurismäki, Pedro Costa eta Manoel de Oliveira zinegileekin batera gidatu zuen Centro Histórico (2012) pantailaratuko dituzte, eta astebete geroago Ericek berak zuzendu eta ekoitzitako Vidros Partidos eta Memoria y sueño 18:00etatik aurrera hilaren 8an eta 9an.
Alberto Moraisek Erice eta Theo Angelopoulos greziarraren arteko lotura egiten duen Un lugar en el cine lanak itxiko du zikloa uztailaren 9an. Egitarau osoa eta informazio osagarria kontsultatzeko, sartu hemen.