Arrakalatuta lantaldeak Kaxildarekin elkarlanean antolatuko du Ni, Zu, Chantal mintegia, martxoan egitekoa zen baina agenda arazoak tarteko hil honen amaierara atzeratu duten zikloa. Bertan izango da Chantal Akerman zinegile, ekoizle eta gidoigile belgikar bikaina, eta bi saio eskainiko ditu Kaxildan bertan (Donostia) ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean. Bertara joateko izena ematea derrigorrezkoa da.
A couch in New York (1996), Jeanne Dielman, 23 Quai du Commerce, 1080 Bruxelles (1975) eta La captive (2000) bezalako lanengatik ezaguna den Chantal Akerman zinegilea, munduko zuzendari onenen zerrendan kokatu ohi dutena, Donostian izango da hil amaieran. Arrakalatutak antolatutako Ni, Zu, Chantal mintegian parte hartuko du, hain zuzen, Kaxida liburu-dendan ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, 16:00etatik 19:00etara.
Mintegia elkarrizketa bailitzan irudikatuko dute, liburu eta film artean. Saioak ingelesez egingo dituzte, eta nahi dutenek itzulpena jasotzeko aukera izango dute.
Saioan parte hartzeko ezinbestekoa da ekainaren 12a (ostirala) baino lehen arrakalatuta@kaxilda.net helbidera mezu bat bidaltzea. Bertan, datu pertsonalez gain, motibazio gutun bat ere erantsi beharko da. Dena den, martxoan egitekoa zen mintegirako izena eman zuten lagunek beren lekua gordeta izango dute.