2012-2014 bitartean, Europako 23 filmotekak hartu zuten parte EFG 1914 proiektuan. Horri esker, I. Mundu Gerrari buruzko 3.000 lan bildu zituzten, eta egunotan lan horietako hainbat eskaintzen ari dira Nafarroako Filmotekan.
I. Mundu Gerrari buruz errodatutako 740 ordu baino gehiago bildu ditu EFG 1914 proiektuak azken bi urteetan. Europa osoko filmategiek lagundu dute, tartean, Alemaniako Deutsches Filminstitut – DIF e.Vk, Italiako Fondazione Cineteca Italianak, Erresuma Batuko Imperial War Museumsek, eta Espainiako CulturArts IVAC eta Espainiako Filmotekak. Bada, lan horien guztien artean aukeraketa bat egin eta bost saio antolatu ditu Nafarroako Filmotekak ekainean; Lehen Mundu Gerra eta Zinema jarri diote izena zikloari.
Lehen bi saioak aste honetan bertan egin dituzte: hilaren 4an gerraren garapena izan zuten aztergai, eta 5ean gerraren efektuak. Ostiralean, hilak 12, aldiz, eguneroko bizitza ardatz duten hamabost bat lan labur izango dira ikusgai, eta datozen bi ostiraletan, ekainaren 19an eta 26an, Espainiako Filmotekan bildutako edukiak.
Sarrerak 3 euro balioko ditu, eta emanaldiak 20:00etan abiatuko dituzte. Informazio gehiago, hemen.