Hernaniko Udala

Jose Maria Salinas eta Imanol Laburu Larzabalek Heriotzaren Triangelua dokumentala osatu dute Tira-Bira Produkzioak SLrekin. Franco hil osteko urte istilutsuetan, eskuin-muturreko hainbat taldek Andoain, Urnieta eta Hernanin egindako mehatxu, jipoi eta hilketak salatzen ditu. Estreinaldia gaur izango da, 22:30ean Hernaniko Gudari plazan.

80ko hamarkadaen hasieran Hernani, Urnieta eta Andoainen zazpi pertsona erail zituzten hiru urteko epean: José Ramón Ansa, Tomás Alba, Felipe Sagarna, Miguel Arbelaiz, Luis Mari Elizondo, Joaquín Antimasbere eta Francisco Ansa. Ladislao Zabala eta Ignacio Iturbe Alkain Piti Batallón Vasco Español eta Triple A (Alianza Apostólica Anticomunista) taldeetako kideek egin zituzten hilketok Jesus Martinez Torres Gipuzkoako komisario jenerala zen bitartean.

Labururen hitzetan, “garai hartan gertatutakoa ezagutarazi asmoz” osatu dute proiektua. “Gazteei kontatu egin behar zaie, eta gertaera ahaztu zaien helduei gogorarazi, gure herrian jazotako gertakaria delako eta gure memoriaren parte ere badelako”, azaldu du. Estrategikoki prestatutako “herritar xumeen kontrako erasoa” izan zela azpimarratu du.

Grabaketa

Lehen elkarrizketak orain bi urte egin zuten, Hernaniko hilketa jakin baten arrastoak jarraitzen ari zirela. Informazioa aztertu eta jendea elkarrizketatu ahala ikusi zuten gertaera hura modu isolatuan kontatzea ezinezkoa zela, eta bi urteko epean beste hainbat elkarrizketa egin zituzten. Herritarrak hitz egiteko gogoz zirela diote, nahiz eta hilketak gertutik bizi izan zituztenei gehiago kostatu zaien, oroitzapenek dakarten min eta sufrimenduagatik.

Heriotzaren Triangelua dokumentala aurrera ateratzeko baliabide ekonomikoak Salinasek eta Laburuk berak jarri dituzte. Historia behar bezala kontatzeko, ahalik eta informazio-iturri gehienetara jo dute, baita Alacantera ere, bertako Mariano Sanchez Soler idazlearekin hitz egiteko.

Proiektua gaur, hilak 5, 22:30ean estreinatuko dute Hernaniko Gudarien plazan, eta hurbildu nahi duen edonork ikusteko aukera izango du.