ESCIVI_Master_Zinea.eus

Andoaingo ESCIVI Zine eta bideo eskolak, goi mailako ikasketei jarraipena emateko, zine zuzendaritzako masterra eskainiko du aurrerantzean. Interesatuek beren ideiak eta proiektuak aurrera eramateko beharrezkoak diren ezagutzak eta teknikak ikasi ahal izango dituzte bederatzi hilabeteko ikastaroan.

ESCIVIren master berriak zine sorkuntzarekin bat datozen alor guztietan hausnarketa sakona eginteko aukera eskainiko die ikasleei ikus-entzunezko munduan jakitunak diren goi mailako irakasle talde baten laguntzari esker, irakaskuntzari eta ikasketa prozesuari arreta berezia eskainiz. Ikasgai teorikoak zein praktikoak landuko dituzte, eta lantaldea ezinbestekoa izango da helburuak aurrera ateratzeko (benetako zinema industriaren eredua islatuz).

Kurtso amaierako lan gisa, laburmetrai bat egiteko aukera izango dute ikasleek, ikasturtean zehar ikusitako guztia praktikan jartzeko. Emaitza lehiaketa nazional eta internazionaletan aurkeztu ahal izango dute, gainera.

Masterra egin nahi duten ikasle guztiek elkarrizketa pertsonal bat egin beharko dute, ahalik eta talde homogeneoena sortzeko. Ikasleak zinemaren arloan duten esperientzia eta ezagutza maila kontuan hartuko dute horretarako. Hala nola, ikus-entzunezko munduan egindako lanak edota ikasketak aurkeztu ahal izango dira, modu egokian prestatutako portfolio, bideo edo argazkien bidez.

Masterrak 9 hilabete iraungo ditu, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara. Urrian hasi eta ondorengo ikasgaiak landuko dituzte hilero: Ikus-entzunezko hizkuntza (sarrera eta garapena), Aurre-produkzioa, Zinemarako soinua (sarrera), Argiztapena, Produkzioa eta Pertsonaiak. Hasiberriei, autodidaktei eta espezialistei zuzendutako ikastaroa da. Info guztia, hemen.