Dokumentalen kontsumoa eta prestigioa zabaltzea helburu duen DocsBarcelona jaialdiaren El Documental del Mes egitasmoan, Bikes Vs Cars lan suediarra izango da ikusgai hil honetan. Hain zuzen, aurtengo DocsBarcelona jaialdian saritu dute Fredrik Gerttenen lana.
Aldaketa klimatikoa mehatxu erreal eta hurbilekoa den garaiotan, bizikleta aldaketarako trensa garrantzitsua izan daitekela sinetsita daude hainbat aktibista. Aldiz, automobilen industriak milioiak inbertitzen ditu urtero sektorea eta negozioak indartzeko. Horren aurrean, badira garraiobide jasangarri eta osasuntsu honen alde lanean diharduten pertsonak, autoekin izandako istripuetan zendutako txirrindulari kopuruak gora egiten jarraitzen duen arren, bizikletaren aldeko apustua egiten dutenak.
Bada, Fredrik Gertten zinegile suediar ospetsuak dozenaka dokumental egin ditu jada, tartean, Bananas! (2009) eta Big Boys Gone Bananas! (2012) ibilbide luzeko lanak, eta Bikes Vs Cars honekin ingurumena babesteko beharraz ohartarazi nahi ditu ikus-entzuleak.
Gurean, ohi bezala, Elorrioko Iturri Kultur Etxean eta Bilboko Multicine 7 aretoan izango da ikusgai. Lehenean hilaren 10ean, 19:30ean, eta bigarrenean ekainaren 25ean, 20:00etan.