En duva satt på en gren och funderade på tillvaron
Iazko Veneziako zinemaldian Urrezko Lehoia jaso zuen Roy Anderssonen komedia eta drama uztartzen dituen izenburu bereziko film suediarrak. 50 eta 60 urte arteko bi galtzaileren bizitzak kontatuko ditu; utzitako etxe batean bizi dira eta heriotzarekin hainbat alditan egin dute topo. Suediako Zinemaren Institutuak banatzen dituen Guldbagge sarietan, zazpi kategoriatan proposatu zuten iaz, eta ekoizpen diseinu onenaren garaikurra jaso zuen.
Tomorrowland
Brad Birden zientzia fikziozko Tomorrowland blockbuster berriko protagonista nagusiak dira George Clooney, Hugh Laurie, Britt Robertson eta Raffey Cassidy. Unibertso paralelo batean, denboran eta espazioan galduta, dagoen Tomorrowland hiriko sekretuak aireratzen ahaleginduko dira nerabe bat eta asmatzaile bat. Filma urteko lanik esperoenetakoa da, eta nazioarteko estreinaldi bira egiten ari dira aktoreak azken asteetan.
It Follows
Iazko Canneseko eta Sitgeseko zinemaldietako sail ofizialetan aurkeztu zuten It Follows beldurrezko lanak ere interes handia piztu du, eta bada urteko beldurrezko film onenen artean kokatu duenik ere. 18 urteko Jay nerabeak lehen harreman sexuala izango du bere bikotekidearekin auto baten atzeko aldean. Mutilak, baina, zorabioa eragingo dio, haren hitzetan, tormentatzen duten espirituak aldendu eta neskari bidaltzeko. Une horretatik aurrera, Jayk jasango ditu espiritu horien eraginak, eta beste norbaiti pasa beharko dizkio lasaitasuna berreskuratzeko.
What We Did on Our Holiday
Andy Hamilton eta Guy Jenkinek aurkeztuko duten lanak Eskoziara bidaian joango den familia berezi baten abenturak pantailaratuko ditu. Gurasoen arteko harremana eta haien osasun mentala kolokan izango dira, eta horregatik, senarraren sendiak Eskozian egingo duen elkarretaratzera joatea erabakiko dute. Baina atsedenerako oporraldia gertaera surrealistaz beteriko egonaldi bilakatuko da.
Urok
Bestetik, iazko Donostia Zinemaldian Zuzendari Berriak saria jaso zuen Urok film bulgariarra helduko zaigu. Kristina Grozeva eta Petar Valchanov dira laneko zuzendariak. Nadezhada herrixka bulgariarrean irakasle gisa lan egiten duen emakumea da filmeko protagonista. Bere eskolan lapurtzen duen ikaslea aurkitu nahiko du, lezio bat eman asmoz. Bera, aldiz, mailegatzaileekin zorpetuko da etxea ordaindu ahal izateko. Lan errealista eta gogorra.
Son of a Gun
Wean McGregor eta Brenton Thwaites dira, ostera, Son of a Gun akziozko film australiar honetako protagonistak. Espetxean topo egingo duten bi kriminalen azaletan sartuko dira. JR (Thwaites) gazteak Brendan Lynchen (McGregor) taldearen babesa beharko du bertan, baina horrek uste baino prezio altuagoa izango du: espetxetik irtendakoan, Lynchi lagundu beharko dio bertatik ihes egin eta bere asmoak aurrera eramaten.
Matar el tiempo
Aurtengo Malagako Zinemaldian aurkeztu dute Antonio Hernándezen Matar el tiempo thriller espainiarra. Robert estatubatuarra Espainian bizi da eta bere sorterriko enpresa batentzat egiten du lan. Sarearen bidez Sara izeneko neska gazte bat ezagutuko du, eta horrek, ustekabean, mafia nahasten duen joko zikin batean sartuko du. Aitor Luna eta Yon González anaia euskaldunek ere hartu dute parte lanean.
El maí més llarg per tornar a casa
Sergi Pérezek, bestetik, Joelen eguna pantailaratuko du. Emaztearen txakur Elvis egarti eta hilzorian topatuko du, eta horrek etxetik irtetera behartuko du aspaldiko partez. Giltzak, baina, barruan utziko ditu, eta egun osoa etxera, babeslekura, itzuli nahian egingo du.
Losers
Azken proposamena Oriol Pérez Alcaraz eta Serapi Solerren Losers komedia izango da. Hiru lagun “galtzaile” musika jaialdi batera joango dira sexu, alkohol eta eromen bila, baina planak ez zaizke espero bezala irtengo.