CARTEL_masterclass LOWCOST_2

2015-2016 ikasturtetik aurrera Ikus-entzunezko Low Cost Proiektuen Garapena izeneko ikastaroa eskainiko dute Oskar Tejedor, Maider Oleaga eta Pablo Iraburuk Donostiako Centa eskolan, eta horren aurretik, doako masterclassa egingo dute datorren ekainaren 4an 17:00etan Zuatzuko Pi@ eraikinean.

Ez-fikzioa izenaz ezagutzen den generoak eskaintzen dituen aukerak izango dituzte aztergai datorren astean Donostian. Oskar Tejedor dokumentalgile eta nazioarteko proiektuen aholkulariak En tránsito bere azken lana ekarriko du, eta horretan oinarrituz, ideiaren garapen prozesuaz hitz egingo du. Maider Oleaga gidoigile, analista eta errealizatzaileak, ostera, Esperanza dokumentala hartuko du ardatz, 2012an Bolivian aurkeztutakoa, eta ikus-entzunezkoaren hizkuntzaz mintzatuko da. Gainera, Naomi Heath galesko artistarekin elkarlanean osatutako Agur / Henffych! gutun filmikoa ere aztertuko du.

Pablo Iraburu Nomadak TX eta Pura Vida dokumentaletako zuzendariak, azkenik, Walls bere azken lana aurrera eramateko metodologia azalduko du, ikerketatik hasi, errodajean erabilitako baliabideetatik igaro eta muntaia arazoetara arte. Hain zuzen, hiru adituok arduratuko dira datorren ikasturtetik aurrera Centa eskolak eskainiko duen Ikus-entzunezko Low Cost Proiektuen Garapena ikastaroko saioak eskaintzeaz.

Osteguneko hitzordua doakoa izango da, baina aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da info@escuelacenta.com helbidean. Informazio gehiago behar izanez gero, deitu 943 307 006 telefonora.