Musika eta dokumentalak uztartzen dituen Zarauzko I Love Rock elkarteak antolatutako Rockumentalak jaialdia ostiralean, maiatzak 29, hasi eta ekainaren 19an amaituko da. Orotara bost dokumental eskainiko dituzte, eta haien ostean, beste horrenbeste kontzertu.

Nick Cave musikari austrailarraren fikziozko 24 ordu irudikatzen dituen 20.000 Days on Earth (2014) lanak abiatuko du zortzigarren Rockumentalak jaialdia. 22:00etatik aurrera, Zarauzko Modelo aretoan bilduko dira ikus-entzuleak ostiralean, eta Ignacio Juliá musikariak egingo du aurkezpena. Segidan, Cabezafuego nafarrak kontzertua eskainiko du Los Brutales taldearen laguntzarekin. Saioen prezioak kontsultatzeko, sartu hemen.

Ekainaren 5ean, aldiz, leku eta ordu berean, Mikel Laboa: 1934-2008 (2009) dokumentala aurkeztuko du musikariaren alargun Mari Sol Bastidak. Lanak Laboaren musika eta bizitza biltzen ditu, Euskal Herrian zein atzerrian, eta aurreneko aldiz izango da ikusgai Zarautzen. Ondoren, emanaldi honetarako beren beregi sortutako banda ariko da taula gainean, Deusoideak. Lisabö taldeko Karlos Osinagak, Javier Manterolak, Maite Arroitajauregik (Mursego) eta Martxel Mariscalek (Beti Mugan) osatu dute taldea.

Hurrengo egunean, ekainaren 6an, larunbata, Luke Winslow-King abeslari, musikagile eta gitarristari buruzko izen bereko dokumentala eskainiko dute leku eta ordu berean, baita ere. Eta segidan, Joseba Baleztena musikari nafarraren B. Lenoir Gang bandak kontzertua eskainiko du: Willis Drummond taldeko Felix eta Xan, eta Napoka Iriako Miren eta Ander, Josebarekin batera.

Hilaren 12an, ostirala, Iñaki Orbezua ekoizle bilbotarrak Upside Down: The Creation Records Story (2010) dokumentala aurkeztuko du. Hain zuzen, Danny O’Connor disketxeko zuzendaria, Noel Gallagher Oasis taldeko kidea, Bobby Gillespie Primal Scream taldeko musikaria eta 80ko eta 90eko hamarkadetako beste hainbat musikari britainiar elkarrizketatu dituzte lanean, Creation Records disketxearen ibilbideaz. Segidan Perlak lauko zarauztarraren emanaldia izango da.

Eta hilaren 19an amaituko dute jaialdia Freddie Mercury: The Great Pretender (2012) dokumentalarekin. Irantzu Karrera irrati esatari ezagunak aurkeztuko du saioa, eta ondoren Los Jambos Iruñeko taldearen garaje, punk rock eta country erritmoak izango dira entzungai.