MM-Main-PosterZuzendaria: George Miller

Urtea: 2015

Herrialdea: Australia

Handitan Charlize Theron bezalakoa izan nahi dut. Edo, hobe esanda, Charlize Theronek film honetan antzezten duen pertsonaia bezalakoa: Imperator Furiosa. Izenak bakarrik indar handia du.

Etorkizun postapokaliptiko batean gaude. Lurra desertu handi bilakatu da. Baliabide urriak direla-eta, gizadia etengabeko borrokan ari da. Bi errebelde dira protagonista: Max eta Furiosa. Maxen helburua biziraupena da. Furiosarena, ordea, etxera itzultzea, ugalketa tresnatzat dituzten bost neska salbatuz. Haien bideek topo egingo dute eta elkarri lagunduko diote. Akzioa eta kotxe-kamioi-traste handiak.

Aitortu beharra dut ez ditudala gainontzeko Mad Max filmak ikusi. Ez dira gehien atsegin ditudan pelikula motak. Baina hainbat lagunek esan zidaten bezala, “era guztietako lanen kritikak egin behar dituzu”. Honi trailerrak sortu zidan ikusmira gehituta, ideia ona iruditu zitzaidan Mad Max ikustera joatea. Eta ez naiz damutzen.

Butakari eutsita igaro nuen pelikula osoa, lehen minututik. Tentsioan. Filmak oso erritmo bizkorra du, eta soinu bandari esker (batzuek dioten eran, pelikula mutua baita ia) istorioan murgiltzea oso erraza da; ezinezkoa da interesa galtzea filmak irauten dituen 120 minutuetan.

Hala ere, gehien txunditu nauena Furiosa pertsonaia izan da. Pelikularen benetako protagonista da. Kartelak nahiko argi uzten badu ere, filma ikusi arte ez nintzen konturatu ere egin Charlize Theronek antzezturiko pertsonaiak duen garrantziaz. Ile motza, beso bakarra eta beltzez margotutako kopeta. Hala aurkeztuko zaigu Imperator Furiosa. Hitz gutxiko emakumea. Determinazioz betetako begirada. Helburu bat duen pertsonaia da, eta hura lortu arte geldituko ez dela argi utziko digu hasieratik. Indartsua da, bai fisikoki baita izaeraz ere, eta norberak bere zilborrari begiratzen dion aro (ez oso fikziozko) batean, gainontzekoak laguntzeko prest dago. Pertsonaia femeninoengan berriz ere sinisteko aukera ematen digu Mad Maxek. Akats bakarra: pelikula osoan zehar emakume independente eta indartsu bezala agertu arren, amaieran gizonaren beharra du bere burua (eta, filma) salbatzeko. Akats handia benetan. Hala ere, entretenitzeko gogoa baduzue eta tentsio zein adrenalinaz beteriko bi ordu igaro nahi badituzue, film aproposa da honakoa.