Aitor eta Amaia Merino donostiarren Asier ETA biok (2013) eta Ander Iriarte oiartzuarraren Echevarriatik Etxeberriara (2014) dokumentalak eskainiko dituzte ostiral honetan, maiatzak 29, 16:00etatik aurrera Madrilgo Artistic Metropol zineman. Ondoren, eztabaida saioa egingo dute hiru zinegileen presentziarekin.
Aitor Merino aktorearen eta ETAko kide izandako haren lagun Asierren arteko harremanari buruzko Asier ETA biok dokumentala 61. Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten, eta jaialdiko Irizar saria eskuratu zuen. Ibilbide oparoa izan du ordutik, eta oro har, oso harrera ona izan du. Ander Iriarteren Echevarriatik Etxeberriara lanak, bestetik, sorterri duen Oiartzun herriko ezker abertzalea du aztergai, indarkeriaren auzia albo batera utzi gabe. Iazko Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zuen dokumentala, eta aurten Urrezko Txapela eskuratu du Zinemaldia.cat jaialdiko dokumentalen alorrean.
Bada, bi lanak Madrilgo Artistic Metropol zinemetan eskainiko dituzte ostiral honetan, maiatzak 29. Asier ETA bioken emanaldia 16:00etan hasiko da, eta 17:40ean Echevarriatik Etxeberriara eskainiko dute. Ondoren, 19:15 aldera, eztabaida saioa abiatuko dute. Bertan izango dira, noski, Amaia eta Aitor Merino eta Ander Iriarte zinegileak. Film bakarra ikusteko sarrerak 6,5 euro balioko ditu, eta saio bikoitzeko paseak 8,5 euro.