Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Guneak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak elkarlanean antolatutako Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketen XIV. edizioa egingo dute aurten irailaren 22tik 25era bitarte. Ekainaren 1ean zabalduko dute izena emateko epea.
Nazioarteko zinema eskoletako ikasleentzat, euren film laburrak industriako lagunen aurrean erakusteko leiho aparta da. Donostia Zinemaldiaren baitan antolatzen dira Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketak, eta ikasleek profesionalekin hitz egiteko eta industriak nola funtzionatzen duen ezagutzeko aukera dute bertan.
Aurten XIV. edizioa egingo dute, eta nazioarteko hamalau eskola inguruk hartuko dute parte. Horretarako, 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan ekoitzitako hiruna lan aurkeztu ahal izango ditu zentro bakoitzak. Izena emateko epea ekainaren 1etik uztailaren 1era luzatuko da.
Irabazlea zein den erabakitzeko, eskoletako ikaslez osatutako talde bat egingo dute. Zinemaren alorreko profesional bat izango dute lagun, eta guztien artean erabakiko dute nori eman Panavision, Freak Agentzia/Feelsales eta BiBioCine-Duoc UC sariak. Gainera, datorren urteko Canneseko Zinemaldiko Short Film Corner sailean zein hiru zuzendarik parte hartuko duten erabakiko dute.
Horrez gain, Orona Saria ere banatuko du HUHEZIko irakasle batek koordinatutako epaimahai berezi batek; lan berritzaileenari emango diote.