Echevarriatik – Etxeberriara
Ander Iriarte zinegile oiartzuarraren lehen dokumental luzea, esker abertzalearen baitako aniztasuna aztergai duena, Euskal Herriko eta Bartzelona zein Madrilgo zinemetan ere estreinatuko dute bihar. ESCAC Kataluniako Ikus-entzunezkoen eta Zinemaren Goi Eskolak ekoitzi du lana, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du. Iazko Giza Eskubideen Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten, gainera, eta aurten Zinemaldia.cat jaialdian dokumentalen ataleko sari nagusia lortu du. Esperientzia propioan eta hainbat lagunen testigantzetan oinarritutako dokumentala. Hona iragan astean egin genion elkarrizketa.
Mad Max: Fury Road
Orain bi asterako iragarrita bazegoen ere, George Millerren Mad Max: Fury Road zirraragarria bihar helduko da zinema aretoetara, hain zuzen, Canneseko Zinemaldian, lehiaketatik kanpo, aurkeztuko duten. Sekulako produkziodun akziozko filma ikusteko irrikaz gaude guztiok; Tom Hardy, Charlize Theron, Nicholas Hoult, Hugh Keays-Byrne, Zoë Kravitz, Angus Sampson, Rosie Huntington-Whiteley, Riley Keough… aktore, modelo eta Hollywoodeko bestelako izarrek hartu dute parte ekoizpen australiarrean. Mel Gibsonek 80ko hamarkadaren hasieran abiatu zuen apokalipsi ostean girotutako trilogiaren laugarren atala.
Une nouvelle amie
Iazko Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten, halaber, François Ozonen Une nouvelle amie drama eta komedia uztartzen dituen lana. Bi lagunen istorioa kontatzen du: haietako batek haur bat izango du, baina berehala gaixo jarriko da, eta lagunari haurra eta senarra zaintzeko eskatuko dio. Hiltzen denean, laguna haiek bisitatzera joango da, eta sekulako sorpresa hartuko du.
Les héritiers
Eta Frantziatik, baita ere, helduko zaigu Marie-Castille Mention-Schaar zinegilearen berriena: Les héritiers. Anne Gueguen (Ariane Ascaride) institutu bateko historia irakaslea da, eta nazkatuta dago ikasleen anbizio eta motibazio faltaz. Horregatik, estatu mailako proiektu batean parte hartzera bultzatuko ditu. Nazien kontzentrazio eremu batean nerabe izatea zer den azaldu beharko dute.
Oliver’s Deal
Barney Elliott britainiarrak, bestetik, Oliver’s Deal aurkeztuko du, orain gutxi amaitu den Malagako Zinemaldian gidoi eta taldeko emakumezko aktore onenaren (Nidie Bermejo) sariak erdietsi dituen filma. Thrillerrak klase sozial ezberdineko hiru pertsonaren bizimoduak aztertuko ditu; aurrera egin ahal izateko, elkar konprometitu beharko dira.
https://youtu.be/o30W2ykSc2U
Sicarivs: La noche y el silencio
Eta asteko bigarren thrillerra Javier Muñozek aurkeztuko duen Sicarivs: La noche y el silencio izango da. Victor Clavijo, Pedro Casablac, Mario Pardo eta Chete Lera buru dituen lanak enkargua bete ez duen sikarioaren kasua pantailaratuko du. Bere biktima hilko ez duenez, enkargua egin ziotenen bila joan beharko du, mundu horretan, lanak amaitzen ez dituztenak akabatu egiten baitituzte.
No todo es vigilia
Iazko Donostia Zinemaldiko Errealizatzaile Berriak kategorian aurkeztu zuen Espainia eta Kolonbia artean ekoitzitako dokumentala Hermes Paralluelo zinegileak. 60 urte elkarrekin egin dituzten Antonio eta Felisa agureak dira laneko protagonistak. Oso ahul daude, eta ezin dute elkar zaidu. Hala ere, ez dute zaharrentzako egoitza batera joan nahi. Lanak esna igarotako gauak, zahartzaroko maiatasuna eta maite den horregandik banantzeko izua erretratatzen ditu.
Captives
Eta azkenik, Atom Egoyanen Captives. Iazko Canneseko Zinemaldian proiektatu zuten aurrenekoz Ryan Reynolds, Scott Speedman, Mireille Enos eta Rosario Dawson buru dituen film kanadarra. Lanak Cassandraren desagerpena du ardatz; zortzi urte galduta egon ostean, Polizia eta gurasoek neskatoa bizirik dagoela erakusten duten hainbat aztarna topatuko dituzte.