Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin Zerbitzu Gida osatzen ari da Euskal Autonomia Erkidegoko ikus-entzunezko sektoreko enpresa eta profesional guztiak bildu asmoz. Bertan azaldu nahi duen orok hilaren 22ra arteko epea du datuak bidaltzeko.
Bilbo eta Bizkaira filmak, telesailak, dokumentalak eta iragarkiak errodatzera datozen nazioarteko enpresei tokiko baliabideak topatzen laguntzeko gida osatzen ari da Eikenen, Zerbitzu Gida. EAE osoko enpresa eta norbanakoen datuak izango ditu, ondoren, Bizkaiko Film Commission-ari ez ezik, gainerakoei ere informazioa zabaltzeko. Gainera, bertako enpresa eta profesionalentzat ere tresna erabilgarria izango da.
Hala, enpresa zein profesionalei zuzendutako galdetegiak zintzilikatu dituzte Sarean, eta gidan azaldu nahi duen orok horiek bete eta bidali ahal izango ditu maiatzaren 22a baino lehen.
Zuk ere bertan egon nahi baduzu, edo zure enpresa gidan azal dadin nahi baduzu, ez denbora galdu!