Iragan asteazkenean abiatu zuten The University of Chicagoko ikasleek Koldo Mitxelena katedraren baitako Euskal Zinema: historia politiko eta kultural bat programa. Deustuko Unibertsitateko Pilar Rodriguez eta University of Birminghameko Rob Stonek gidatuko dituzte saioak, hain zuzen, gai horren inguruko liburu homonimoa argitaratu berri duten bi adituek.
Etxepare Euskal Institutuak 2012an sortu zuen Koldo Mitxelena Katedraren baitan, euskal zinemagintza aztertuko dute maiatz eta ekainean ikasleek. Herritartasuna eta sentimendua, Ama Lur filma eta 80ko hamarkadako lehen olatua, terrorismoaren irudikapena, Kimuak film laburren katalogoa, Euskal Herriko zinema garaikidea eta beste hainbat alor izango dituzte aztergai 2015-2016 programan Pilar Rodriguez eta Rob Stonen eskutik.
Horrez gain, hainbat euskal zinemagileren inguruan sakonduko dute, tartean, Julio Medemen obran, eta zinema garaikideak euskal diasporan duen eragina ere jorratuko dute. Asteazken eta ostiraletan izango dira klaseak, lau astez.
Koldo Mitxelena katedra University of Chicago-ko Division of Humanities atalean txertatuta dago, eta urtero entzute handiko euskal irakasle bat bidaltzen du bertara mintegiak eta hitzaldiak eskaintzera. Orotara bost katedra ditu Etxeparek nazioartean.