Ekainaren 1etik 5era Arabiar Emakumezkoek Egindako Zinemaren 4. Karabana helduko da Bilboko Golem zinemetara KCD garapenerako gobernuz kanpoko erakundearen eta Kairoko Emakumezkoek egindako Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren arteko lankidetza-hitzarmena tarteko. Proiekzioak eta tailerra, soilik 3 euroren truke.
Zinemagile Artean zikloa Kairo (Egipto), Managua (Nikaragua), Oaxaca (Mexiko) eta Bilbon egingo dute bere laugarren edizioan. Emakumezkoen istorioak garraiatzeaz gain, Mujeres en Correspondencia tailerra ere ekarriko du gurera, kasu honetan, Ermuko Emakumearen Topagunera. Ekimenaren helburua emakumeak ikus-entzunezko tresnetan ahalduntzea da.
Honenbestez, ekainaren 1etik 5era bitarte hiru saio egingo dituzte egunero: 17:00etan, 19:45ean eta 22:15ean Azkuna Zentroan, Bilboko Golem zinemetan. Filmak jatorrizko hizkuntzan eskainiko dituzte, baina gaztelaniazko azpitituluekin, eta 19:45eko saioetan zuzendariak eurak arduratuko dira lanak ikus-entzuleei aurkezteaz. Nazioarteko jaialdietan sari andana eskuratutakoan dira denak, gainera.
Filmak
Lehen emanaldian Nassima Guessoum aljeriarraren 10.949 Women eskainiko dute, Aljeria independentearen alde borroka egin zuten 10.949 emakumeren istorioak biltzen dituen filma.
Asteartean, aldiz, My Love Awaits me by the Sea Jordania, Alemania, Palestina eta Qatarren artean ekoitzitako ikus-entzunezkoa; Mais Darwazah zinegileak bere sorterrira, Palestinara, egindako itzulera-bidaia da (goian trailerra ikusgai).
Asteazkenean, ekainak 3, minutu bakarreko hiru film labur proiektatuko dituzte: Manar Saad libanoarraren Keshtben; Frantziak, Palestinak eta Arabiar Emirerri Batuek ekoitzitako Mais Darwazahen The Dinner; eta Kaouther Ben H’nia tunisiarraren Wooden Hand.
Ostegunean Palestinan bizi diren hainbat atzerritarren egunerokoa erakusten duen Encounter with a Lost Landen txanda helduko da. Maryse Gargour da zuzendaria.
Eta jaialdia itxiko du Amal Ramsisen The Trace of the Butterfly filmak ostiralean. Egiptok, Frantziak, Turkiak eta Euskal Herriak hartu dute parte beronen ekoizpenan, eta 2011ko Masperoko sarraskitik abiatuta, Egiptoko iraultza aztertuko du.
Egitarau osoa ikusteko, sartu hemen.