Matías Francolino diseinatzaile grafiko eta ilustratzaile uruguaiarrak eta Blanka Barrio diseinatzaile gasteiztarrak osatutako kartela izango da irailaren 18tik 26ra egingo duten 63. Donostia Zinemaldiko irudi nagusia. Gainerako kartelak ere aurkeztu dituzte Donostiako Eureka! Zientzia Museoko Newton auditoriumean.
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak, Maialen Beloki Zuzendaritza eta Hautespen batzordeetako kideak, eta Joxean Fernández Euskadiko Filmotekako zuzendariak aurkeztu dituzte Donostia Zinemaldiko 63. edizioko kartelak. Denetariko estilo, diseinu eta teknikak baliatu dituzte euskal, baina baita diseinatzaile uruguaiar, poloniar, boliviar eta espainiarrek ere.
Kartel nagusia, esaterako, Matías Francolino uruguaiarrak eta Blanka Barrio euskaldunak osatu dute. Ezin izan dira aurkezpen ekitaldian izan, baina bideo bidez agur bat bidali nahi izan dute. Haien hitzetan, irudiak “zinemak ikusleen zentzumenei eragiten dien gozamena irudikatzea” du helburu, errealizatzaileen eta ikusleen arteko sinbiosiari omenaldia eginez.
Ilustrazioez baliatu dira, baita ere, Mateusz Marek diseinatzaile poloniarra, Maite Rosende donostiar gaztea eta Marco Tóxico artista grafiko boliviarra. Lehenak Zuzendari Berriak kategoriako irudia osatu du, Family izeneko errotuladore, bolígrafo eta pintzelez eginiko kartela.
Rosendek, ostera, kolore primarioen bidez bere zeruertza irudikatu du Horizontes Latinos saileko kartela egiteko. “Hamaika esanahi eta irakurketa izan ditzakeen irudi sinplea osatu nahi izan dut”, azaldu du.
Tóxicok, halaber, gazte bat erakutsi du hodi-labirinto amaiezin batean bere oinetakoaren bila. Hain zuzen, muga formalik edo tematikorik gabeko Zabaltegi saila ilustratu du hala. “Kartelak bilaketa bat islatzen du, […]; oinetakoa hodi-labirinto arraro batean galdu duen pertsonaia erabiltzea erabaki nuen, zinema-erakusketa sailkaezin honetara hurbiltzen diren ikusleak bezala”.
Andoni Tebar Gaztambide donostiarrak, bestetik, Izarrek bezala distira egiten duten perlak izeneko kartela osatu du izen bereko kategoriarako.
Eta Culinary Zinema saileko kartela Naomí Gómoz Lobo asturiarraren eta Diego Martín Sánchez salamancarraren elkarlanetik sortu da. Marilyn Hollywoodeko izar klasikoaren ezpainak irudikatu dituzte marrubi baten bidez, soiltasuna lagun.
Savage Cinema arriskuzko kirolei buruzko atalak ere badu bere kartela, Iker Basterretxearen erretratu batean oinarritutakoa. Diseinua Federico Yankelevichena da.
Eta azkenik, Merian C. Cooper eta Ernest B. Schoedsacken atzera begirakoaren eta Japoniako zinema independente berriarenaren kartelak ditugu. Biak ala biak filmetako irudiekin ostau ditu Marogan Creativos estudioko Carlos Rodríguezek.