Orain bi aste Bilboko Loraldia jaialdian Anton Abbadie esploratzaile, geografo, astronomo eta euskal kulturaren sustatzailearen azalean ikusi ahal izan genuen Mazo. Antzerkia, zinema, telebista… euskal aktore emankorrenetakoa gaur bertan hil da Bilbon, bihotzeko baten ondorioz.
José A. Zorrillaren Lauxeta, a los cuatro vientos (1987) filmean egin zuen pantaila handiko debuta, eta ondorengo urtetan Julio Médemen Vacas (1992), Enrique Urbizuren Cachito (1995) edota Juanma Bajo Ulloaren Airbag (1997) filmetan hartu zuen parte, baita Álex de la Iglesiaren La Comunidad (2000) eta Emilio Martínez Lázaroren La voz de su amo (2001) ezagunetan ere. Azken urteetan, halaber, Patxo Telleriaren batera Bypass (2012) zuzendu zuen, eta Ocho apellidos vascos (Martínez Lázaro, 2014) eta Lasa eta Zabala (Pablo Malo, 2014) filmetan bigarren mailako paperak egin zituen.
Zinemaz gain, dena den, antzerkia zuen pasio Mazok, Lander Iglesias eta Telleria lagunekin batera Txirene konpainia sortu baitzuen, eta azken urteetan dozenatik gora antzezlanetan hartu du parte, tartean, Mephisto, Hamlet, La tempestad, La última copa edota El día del padre. Azkenagatik Euskal Aktoreen Batasunaren saria jaso zuen.
Azken aldian Chiringuito de Pepe eta El ministerio del tiempo telesailetan ikusi ahal izan dugu, besteak beste, baina El comisario, Hospital Central, Manolito Gafotas, Compañeros, Goenkale, Cuéntame como pasó, Guernica bajo las bombas eta Amar es para siempre telesailetan ere lan egin zuen, pantaila txikian.