Cooper_Schoedsack_Zinea.eus

Merian C. Cooperrek (1893-1973) eta Ernest B. Schoedsackek (1893-1979) osatutako Hollywoodeko zinegile bikote ezaguna, besteak beste, The Most Dangerous Game (1932), King Kong (1933) eta Dr. Cyclops (1940) filmen sortzailea, omenduko du aurtengo Donostia Zinemaldiak.

Stop motion animazio-teknika berritu zuen King Kong (1933) film ospetsuaren egile izateagatik ezagutzen ditugu gehienok Cooper eta Schoedsac amerikarrak. Abenturazaleak biak, Lehen Mundu Gerran parte hartu zuten armadako pilotu eta informazio-unitateko kide gisa, hurrenez hurren. Hala, dokumentalen generoan egin zituzten lehen urratsak, Grass (1925) eta Chang (1927) lanekin.

Gero fantasiazko filmak, dramazkoak, abenturazkoak eta misteriozkoak egin bazituzten ere, haien fikziozko filmetan indar handia izan du beti ikasbide dokumentalak: King Kongen eta Zaroffen istorioak esploratu gabeko mundu exotikoekin izandako harremanetik sortu ziren. Izan ere, haien obra guztian nahasten dira neurri gabeko fantasia eta Asiako edo Afrikako oihan eta mendialdeetako errealitatea.

Atzera begirakoa Donostia Zinemaldiak antolatu du, Espainiako Zinematekarekin lankidetzan, eta, zuzendari gisa –biak batera zein Schoedsackek bakarka– egin zituzten lanei eskainiko diete. Zikloa osatzeko, bi zinemagileoi buruzko liburu bat argitaratuko dute, gainera.