Bande-de-filles

Zuzendaria: Céline Sciamma

Urtea: 2014

Herrialdea: Frantzia

Bere lekua aurkitzen saiatzen ari den neska gazte baten istorioa kontatzen digu Bande de filles-ek. Nire lehen kritikarako oso gai aproposa iruditu zait: nonbait onartzen zaituztela jakitea, inoiz pentsatu ez duzun leku batean bada ere.

Nerabezaroko urte zail horiek erretratatu ditu Sciammak. Familia giro itotzaile batean bizi den eta eskolan etorkizun handiegirik ez duen neska gazte bat da Marieme. Harekin zer ikusirik ez duten hiru neska ezagutuko ditu, eta haien pentsamendu eta izateko era “askeaz” maiteminduko da. Itxura eta izena aldatuko ditu, eta filmari izena ematen dion “bande de filles”-eko kide izatera pasako da. Nesken arteko laguntasun leiala eskuratzeko, ordea, Marieme lapurreta eta indarkeria mundu batean murgildu beharko da. Hasiera batean bere izaerarekin bat ez datorren arren, bere lekua aurkitu nahi horrek ematen dion indarrari esker, ohitzen joango da, neska “aske” horietako bat bilakatu arte.

Ezin da film honi buruzko kritikarik egin lau aktore protagonisten lana aipatu gabe. Pelikularen ardatz dira. Indarra dute. Naturalak dira. Horrelako aktoreen kasuan, beti galdetzen diot nire buruari zenbateraino diren pertsonai. Zein punturaino ari diren antzezten. Haien eguneroko bizitzan hala ote diren. Sciammak kamera bat hartu eta haien atzetik ibili dela dirudi, neska gazte horien bizitza errealeko gorabeherak “lapurtuz”. Dokumental bat izango balitz bezala. Baina pelikularen eszena pare bat ikusi ondoren naturaltasun eta freskotasun honen atzean dagoen zuzendaritza lan bikaina antzematen hasten zara. Guzti horrek funtziona dezan Sciammak egin duen planifikazioa sumatzen duzu.

Gidoitik hasita musikaren erabilerara arte, Mariemen zalantza, beldur eta aldaketa uneen parte biurtuko gaitu zuzendariak. Guztiok nerabezaroan bizi izan ditugun une zail horiek gogoraraziko dizkigu, eta gure adoleszentzia bertsio “light”-ago bat izan bazen ere, Mariemekin konplizitatea sortzen duten gertaerak erretratatuko ditu Bande de filles-ek. Ez dira gutxi bizitzako garai hori pelikula batean islatzen saiatu direnak, eta beharbada, pelikularen une batzuetan Sciammak topikoetara jotzen duela pentsa genezake, baina nerabezaroa bera topikoz beteta dagoela kontuan hartu behar dugu (drogak, sexua, familia…) eta topiko horiek lantzeko erak egiten du Bande de filles ezberdin, ikustea merezi duen film bilakatuz.