https://youtu.be/WpDkCOaK6QM

Bilboko Institut Français eta BilbaoArteren ekimenez, Frantzian ekoitzitako film berrienak ikusteko aukera izango da BilbaoArten maiatzeko astelehen, astearte eta asteazkenetan. Frantzia ezezaguna du izena zikloak, eta maiatzaren 25ean amaituko da.

Gaur, maiatzak 5, Robin Campilloren Eastern Boys immigrazioari buruzko drama eskainiko dute 19:00etan BilbaoArten, eta bihar, maiatzak 6, leku eta ordu berean Mélanie Laurenten Respire. Lehena Iazko César sarietako hiru kategoriatan proposatu zuten, tartean, film onenarenean, eta bigarrena bi kategoriatan. Hain zuzen, Europa ekialdetik datozen mutil gazteek Parisen duten bizimodua pantailaratzen du lehenak, eta nerabezaroa du aztergai, baita ere (kasu honetan, neskato frantziarrena) bigarrenak.

Horiek izango dira Frantzia ezezaguna zikloaren baitan aste honetan bertan BilbaoArten ikusgai izango diren bi filmak. Datozen asteetan, halaber, Olivier Peyonen Comment j’ai détesté les maths, Axelle Roperten Tirez la tongue, mademoiselle eta Hélène Cattet eta Bruno Forzaniren L’Étrange couleur des larmes de ton corps eskainiko dituzte, besteak beste.

Agenda osoa kontsultatzeko, sartu hemen.