Fant_21_Zinea.eus

Datorren ostiralean, 20:00etan Campos Eliseos antzokian, inauguratuko dute Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoa The House of Pine Street filmarekin. Astebetez, 80tik gora film luze eta labur eskainiko dituzte hiriko hainbat aretotan, eta emanaldiez gain, masterclasseak, erakusketa bat, liburu aurkezpen bat eta Gozoki eta Pintxo ibilbidea egingo dituzte.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen Fant jaialdiaren 21. edizioa aste amaieran abiatuko dute. Orotara nazioarteko hamahiru film luze aurkeztuko dituzte sail ofizialean, eta 22 film laburrek hartuko dute parte laburren lehiaketan. Horietako hainbat lehen aldiz izango dira ikusgai estatuan eta Europan. Esaterako, jaialdia zabalduko duen Keeling anaien lehen luzea, House of Pine Street, edota M. Night Shyamalanen Wayward Pines telesaila.

Sail ofizial osoa ikusteko, sartu hemen. Gainera, filmen artean lau euskarazko azpitituluekin izango dira ikusgai.

Baina nazioarteko filmekin batera, gurean ekoitzitako lan fantastiko berrienak ere barneratuko ditu Panorama Fantastico sailak. Besteak beste, David R.L. irundarraren La noche del ratón, 6.000 eurorekin eta 25 gautan errodatu zuten beldurrezko lana. Unai García eta Miriam Cabeza dira filmeko protagonistak, eta maiatzaren 9ko aurkezpenean izango dira, filmeko taldearekin.

Sail horretako filmak doan ikusi ahal izango dira Alhondegiko Golem zinemetan. Egitarau osoa, hemen.

Film laburrak

Laburrei dagokienez, antolatzaileek mundu osotik heldutako 800 lan baino gehiago jaso badituzte ere, 22 eskainiko dituzte maiatzaren 8an eta 9an. Lehenean, gainera, euskal lanak izango dira denak, 11 orotara, tartean, Aitor Gutiérrezen Anómalo, Iván Mena Tinocoren A través del espejo, Paul Urkijoren El bosque negro, Kote Camachoren Don Miguel eta Aitor Arenasen La señora Jesús Mari. Guztiak ikusteko, sartu hemen.

Aipagarriak izango dira, baita ere, Fant 2 Fun saioan eskainiko dituzten aurrekontu murritzeko bi filmak, hala nola, Kiah Roache-Turnerren Wyrmwood australiarra eta Naoto Tsukiashiren Hunger Z japoniarra.

Omenaldi eta sari bereziak

21. edizio honetan, bestetik, Hayao Miyazaki zinegile jaaponiarra eta Alex Angulo euskal aktorea omenduko dituzte. Azkena Fant zinemaldiko epaimahaikide izan zen 2012an. Hilaren 13an, asteazkena, aurten hogei urte bete dituen El día de la bestia proiektatuko dute 20:00etan Golem zinemetan.

Esan bezala, baina, Fantek proiekzioetatik haratagoko ekintzak ere bilduko ditu: maiatzaren 15ean, ostirala, Ander Pardoren masterclassea 11:30ean Azkuna Zentroan; hilaren 8tik 15era Gozoki eta Pintxoen ibilbidea egin ahal izango da erdiguneko dozenatik gora ostatutan; Camu Martinhoren The Drawing Collection erakusketa Burtsa-Ibaiondoko Udaltegian izango da maiatzaren 16ra arte; eta Julian Lararen Welcome to Hollywood liburuaren aurkezpena ostegun honetan egingo dute, maiatzak 7, 19:00etan Fnac-en. Ez galdu!