Leviafan

Titulua: Leviathan

Zuzendaria: Andrei Zvyaginstsev

Herrialdea: Errusia

Urtea: 2014

Ez dugu askotan izaten Errusiako filmak pantaila handian ikusteko aukera. Zinemaldietan eta bide alternatiboetan akaso. Bide komertzialetik iristen direnak, ordea, oso gutxi dira, eta gehienetan, Zinemaldi handiren batean saria jaso dutelako. Hala gertatu da Leviathan filmarekin, eta zorionekoak gara ikusteko aukera izan dugulako.

Ipar Buruko udako paisaia zoragarria eszenatoki du historia erreal batean oinarrituta dagoen film honek. Eta hasi eta buka hala egiten du, paisaien errekreazioa eginez, gizakien bizitza miserableak mundu horretako handitasun eder eta hutsaren aldean, pasarte labur baino ez diren gertaera iragankorren metafora eginda. Gainera, berez paradisuaren antzeko lokalizazio bikain horri argazki zuzendariak eta zuzendariak berak bilatutako halako tristura edo mina dario, are gehiago, amaiera aldera, inguru haietan hain latza izaten den negua ate joka datorrenean. Hain da erreala irrealaren itxura hartzen duela.

Beraz, istorioaren parte garrantzitsua den paisaia eszenatoki bikaina da bertako biztanle batzuen bizimodua kontatzeko. Eta protagonista guztien bizitza dute paisaiak berak iradokitzen duen tristura hori: miseria ekonomikoa, miseria emozionala, miseria sentimenduzkoa, miseria. Gainera, batzuetan, iradoki baino gehiago, erakutsi egiten du: etxe hautsiak eta utziak, itsasoko txalupa ustelduak eta filmaren ardatz den tituluaren ageriko metafora, balea baten hezurdura.

Amerikarren zinema-hizkuntza gure genetan txertatuta dugunoi oso gogorra egiten zaigu Leviathanek kontatzen duena. Eta ezin esango dugu gidoiak bildutako istorioa ezezaguna zaigunik: herri txiki bateko alkate batek bere boterea erabiliko du familia pobre bat bizileku ezin ederragotik ateratzeko; horretarako, indarra, kartzela eta beste hainbat tresna erabilita.

Presioa egunero jasaten duten pertsonaia horien patuaren aurreko etsipena egiten zaigu, ordea, harrigarria. Eta miseria morala adierazten duten hainbat elementuk gordinago egiten digute filmaren bidaia: emoziorik gabeko traizio txikiak, vodkaren mugagabeko gehiegikeria, bizitza hutsak eta etsipenaren hurrengo geltokian dauden protagonistak.

Eta bizitza bera da errealista, etsia, gogorra. Amerikarren zinema komertzialean iradokitzen den heroiaren eta amaiera biribilaren planteamenduaren parean, filmeko errusiarren pasarteak heroiaren antagonista egiten digu protagonista, hamaika abusu jasanda gero, hamabigarrenaren zain geratuko dena, zakur zaunkariarena baizik egiten ez duena, eta istorioa suntsipenaren espiral amaiezin batean murgilduko da, protagonistak bere buruarena eta gizarteak eragindakoarena. Eta amaierako zaputzak, erremate positiborik gabea, familia batean itxaropena isla dezakeen gaztearen etorkizuna aitarena bezain iluna eta miserablea izango dela iradokitzen digu.

Beti bilatzen dugu aspalditik idatzita dagoen protagonisten patua aldatuko duen erreakzioa, aukera, keinua; baina ez dago halakorik. Bizitza bera baita krudelena, gogorrena. Eta balearen hezurdura hura bezalaxe, protagonistak ez dira gai beren patua aldatzeko.

Amaieran, berriz ere paisaia mugagabea eszenatoki eder, huts eta latza. Eta negua ate joka.

Ez dakit maisulan den, batzuek iradoki duten bezala, baina gauza on asko transmititzen ditu istorioak kontatzeko modu honek, gure kanonetatik hain urrun dagoen zinemagintza baten adibide bikaina eta zinema egiteko proposamen hau oso erakargarria zaigu. Akaso, ikusle moduan aldatu beharra daukagu gure jarrera, amaiera aldeko itxaropen gezurtiaren zain egon gabe, eskaintzen zaiguna besterik espero ez izateko.