Mandariinid

2014ko Oscar sarietan, Urrezko Globoetan eta Satellite Awards sarietan ingelesez besteko film onenaren kategorian proposatua izan zen Zaza Urushadzeren Mandariinid estoniarra helduko da zinemetara gaur. 90eko hamarkadako eskualde georgiar batean girotuta dago lana. Ivo estoniarrak bertan geratzea erabakiko du independentziaren aldeko borroka lehertzen denean, lagun Margusi bere lurretako mandarinak biltzen laguntzeko. Egun batean, bi soldadu zaurituko dituzte Ivoren etxe aurrean, eta haiek zaintzera behartuta ikusiko du bere burua hark.

The Avengers: Age of Ultron

Hemen da Iron Man, Capitán América, Thor, Hulk, Alargun Beltza eta Belatz Begi superheroiak  batu dituen The Avengers sagako bigarren lana. Taldeak Ultron bilauaren aurka borroka egin beharko dute oraingoan munduko bakea iraunarazteko. Joss Whedonek gidatutako filma hiru dimentsiotan ere ikusi ahal izango da.

Walking on Sunshine

Musikalak atsegin dituzten horientzat, Erresuma Batutik Max Giwa eta Dania Pasquiniren Walking on Sunshine helduko zaigu. Maddiek Raf senargaiarekin ezkontza antolatuko du, hark bere ahizpa Taylorrekin maitasun harreman bat izan zuela jakin gabe.

The Best of Me

Maitasun istorio bat du oinarri, halaber, AEBtatik datorkigun The Best of Me lanak. Dowson eta Amanda dira filmeko protagonistak, 20 urtez elkar ikusi gabe egon ostean, beren sorterrira itzuliko diren gaztetako bikotekideak. Filma Nicholas Sparksen eleberri homonimoan oinarrituta dago, hain zuzen, The Notebook ezagunaren autorearen lanean.

Words and Pictures

Komedia eta drama uztartuko ditu, aldiz, Fred Schepisiren Words and Pictures lanak. Clive Owen eta Juliette Binoche bi irakasleren azaletan sartuko dira. Ingeleseko irakaslea da bata, eta besteak artea irakasten du. Iritzi kontrajarriak dituzte auzi jakin baten inguruan: irudia ala hitza, zer da garrantzitsuagoa?

https://youtu.be/ehQimFhQmQg

Tiempo sin aire

Eta iragan astean Malagako Zinemaldian estreinatu zuten Tiempo sin aire espainiarra ere ikusgai izango da asteburuan. Maria erizain kolonbiarrak Kanariar Uharteetara bidaiatuko du bere alabaren heriotzaren errudunaren bila.

Che strano chiamarsi Federico!

Dokumentalak ez dira faltako asteburuan. 2013an David di Donatello sarietarako proposatu zuten Che strano chiamarsi Federico! italiarrak Federico Fellini zuzendaria omenduko du, hura hil eta hogeigarren urteurrenean. Artxiboko irudiak eta Cinecittàn errodatutakoak nahastu ditu Ettore Scola zuzendariak.

Asterix. Jainkoen egoitza

Eta aste hasieran aipatu genizuen eran, Asterix eta Obelix galiar ezagunen abentura berriak ere gaurtik aurrera izango dira gure zinemetan. Animaziozko film frantziarra, gainera, euskaraz ikusteko aukera izango dugu Euskal Herriko hainbat zinema aretotan Zineuskadi eta Atera Filmsen eskutik.