Maiatzaren 18tik 25era gai soziopolitikoak lantzen dituzten filmak izango dira ikusgai Donostiako Koldo Mitxelena Kultunean eta Kaxilda liburu-dendan Creative Commons zinemaldiaren baitan. Oraingoz, 9 film eskainiko dituztela aurreratu dute, egitaraua behin-behinekoa bada ere.
Lizentzia libreko filmak Gipuzkoako hiriburura ekartzen dituen jaialdiaren sail soziopolitikoa maiatzean egingo dute aurtengoan. Atal berezitu jakin hori prestatzen duten bigarren aldia izango da, eta orotara bost saio egingo dituzte Koldo Mitxelenan eta Kaxildan.
Behin-behineko egitarauaren arabera, maiatzaren 18an, astelehena, Europako krisi ekonomikoari buruzko Buy Buy Europe (Pieter De Vos) 5 kapituluko dokumentala eta Espainiako energiaren oligopolioa ardatz duen #OligopolyOFF (Alba del Campo) proiektu kolektiboa eskainiko dituzte Koldo Mitxelenan, 18:00etan lehenena eta 19:30ean bigarrena.
Hurrengo egunean, leku eta ordu berean, ikerketa-kazetaritzari buruzko Exposing the invisible (Mark Tuszynski & Tactical Technology Collective) eta Mexikoko Juarez Hiriko gazteen hilketen inguruko Desde que no estás (Rossella M. Bergamaschi) izango dira ikusgai. Emanaldi guztien ostean solasaldiak egingo dituzte, gaia aztertu eta adituekin iritziak elkartrukatzeko.
Asteazkenean, maiatzak 20, Euskadiko okupazio mugimenduari buruzko Ateak Zabalduz dokumentalaren txanda izango da, baina Kaxildan, 18:30ean, eta ondoren eztabaida saioa egingo dute, baita ere.
60ko hamarkadako Bartzelonako erretratua egingo duen Setenta y dos horas (Juanmi Gutiérrez) eta Madrilgo kulturune autogestionatu homonimoari buruzko Tabacalera: cultivando autogestión (Jordi Busquet) lanak, ordea, eskainiko dituzte ostegunean, maiatzak 21, Koldo Mitxelenan, 18:00etan eta 19:30ean hurrenez hurren.
Eta jaialdia isteko, hilaren 25ean, astelehena, egingo dute azken saioa. Lehen filma zehazteke dute, eta bigarrena Si se puede. Siete días en la PAH de Barcelona (Pau Faus) izango da, Bartzelonako etxegabetzeei buruzko telebistarako dokumentala. Hauteskunde-osteko saio honetan, baina, ez dute eztabaida saiorik egingo, iritzi politikoen gaindosia ekiditeko.