Asteleheneko saiora ezinbestean kale egin ostean, asteartean 19:00etan berrartu genuen Giza Eskubideen Zinemaldia. Hala, azken hiru film laburrez gozatzeko aukera izan dugu atzora arte: Geschützter Raum (Zora Rux, 2014), Dinola (Mariam Khatchvani, 2013) eta Discipline (Christophe M. Saber, 2014).
Gaiak bezain ezberdinak dira hiru filmotako trataerak. Lehenak, Berlingo errefuxiatuen kanpaleku batera eraman gintuen; talde barruan jazotako sexu eraso baten ostean, herrialdetik kanporatzeko beldurrez diren gainerako taldekideak zer egin erabakitzeko bilduko dira: erasotzailea kanporatu? Erasoa ezkutatu? Poliziaren aurrean salatu? Kamerak pertsona batetik bestera egingo du jauzi, etenik gabe, eta bertan diren lagunen hitzak jasoko ditu, hizlaria nor den ongi azaldu gabe, ohiko biltzarretan gertatzen den eran. Benetan interesgarriak halako egoeretan sortzen diren iritzi trukaketak eta haien atzean ezkutatzen diren arrazoiak. Lan ederra, zuzena.
Georgiatik heldutako Dinola laburrak, ostera, mendietako herritarren bizimodu gogorra eta lege zorrotzak erakutsi zizkigun. Senarra zentzen denean, berarekin ezkontzeko eskatzen dion lehen gizonarekin bizitzera behartuko dute emakume bat, eta alaba Dinola senar ohiaren familiarekin uztera. Gertaera bere horretan erakutsi zigun Mariam Khatchvaniren laburrak, elurraren zuritasunaren eta etxe barruetako iluntasunaren kontrastearen bidez. Lauegia, agian.
Eta azkena, atzo bertan ikusi genuen Discipline zoragarria. Lausanneko (Suitza) janari-denda batean, iluntze partean, alaba batek gozokiak erosteko eskatuko dio aitari. Hark ezetz esango dio, eta alabak ezezkoa onartzen ez duela ikusita, urduritu eta zaplazteko bat emango dio neskatoari. Horrek beste bezeroak, dendariak eta kanpoan dauden hainbat lagun nahastuko dituen eztabaida sutsua eragingo du, pixkanaka, surrealimoan erortzen joango dena, ikuslea gozaraziz. Film dibertigarri eta ikusten erraza da, eta hartzailea identifikatuta sentituko da uneoro.
Bada, labur guztiak ikusi eta puntuatu ostean, gaur, apirilak 24, iluntzeko 20:00etan Victoria Eugenian egingo duten sari banaketa ekitaldian jakinaraziko dute zein den gazte epaimahaiaren lanik gustukoena, baita ikusleen saria ere, film luzeen alorrean. Eta hala, XIII. edizioa itxiko dute, berezia izango den XIV.era arte.
Gure podiuma Discipline, Geschützter Raum, Matilde eta Cargo Cult lanek osatuko lukete (hiru beharrean, lau. Zalantzati samarrak gara).