Atzo bertan, apirilak 23, 22:30eko saioan aurkeztu zuten Bring the Sun Home (Chiara Andrich eta Giovanni Pellegrini, 2013) film luze italiarrak jaso du Giza Eskubideen Zinemaldiko ikusleen sari nagusia. Aldiz, Discipline (Christophe M. Saber, 2014) suitzarra izan da film laburren kategoriako onena, eta Amnesty International erakundeak Drone (Tonje Hessen Schei, 2014) saritu du.

El Salvadorreko Maura eta Rosa Indiako Barefoot College eskolara helduko dira eguzki-panelak instalatzen ikasteko ikastaro bat egitera. Ez dute ingelesez hitz egiten. Bertan, berrogei herrialdetako emakumeekin egingo dute topo; nork bere sorterrira itzulitakoan, ikasitakoa praktikan jarriko du. Hain zuzen, Peru hegoaldean bizi diren Jeny eta Paulak bezala. Eskola berean ikasi ostean, herriz herri joaten dira eguzki-panelak ezarri eta jendeari elektrizitatea eramatera.

Chiara Andrich eta Giovanni Pellegrinik osatutako 2013ko Bring the Sun Home filma izan da Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu dituzten hemezortzi lanen artean, ikus-entzuleen gustukoena. Atzo bertan aurkeztu zuten (jaialdiko azkena izan zen, beraz) eta publikoak 8,69 puntu eman zizkion batez beste. Difret (Zeresenay Mehari, 2014) eta Drone geratu dira bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.

Dronek, gainera, Amnesty Internationalen saria jaso du. Erakundeko kideek zein sektoreko profesionales osatutako epaimahaiak eman dio saria.

Film laburren kategoria ebaluatzeaz, ostera, gazte epaimahaia arduratu da, 18 eta 30 urte arteko 150 lagun inguru (gu tartean). Haien iritziz, Discipline izan da onena, 8,28 punturekin (atzo bertan ikusi genuena, gainera). Osasun sistemako murrizketak salatzen dituen La buena fe (Begoña Soler) espainiarra geratu da bigarren lekuan, eta neskato gor baten eguneroko zailtasunak ikusarazten dituen Matilde (Vito Palieri) italiarra hirugarrenean. Garaileak 3.000 euroko saria jaso du. Disciplineren ingurukoak ezagutzeko, sartu hemen.

Sari banaketa ekitaldia eta jaialdiaren itxiera gala gaur egingo dute, 20:00etan Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Ez galdu!