The Water Diviner

Russell Croweren fikziozko lehen luzea izango dugu ikusgai bihartik aurrera zinemetan: The Water Diviner. Hain zuzen, orain 100 urte jazotako Galipoliko gudua du oinarri; I. Mundu Gerra bitartean, tropa britainiarrak, australiarren eta zeelandaberritarren laguntzaz, Istanbul konkistatzen ahalegindu ziren. 8.000 hildako baino gehiago izan zituzten aliatuek, eta abenduan, bizirik zeuden soldaduak ebakuatu zituzten. Bada, filmak Connor baserritar australiarraren bidaia kontatuko du. Borrokan desagertutako hiru semeen bila joango da Istanbulera.

The Humbling

Philip Rothen eleberri homonimoan oinarritutako The Hubling drama aurkeztuko digu Barry Levinson estatubatuarrak. Filmak Simon Axler (Al Pacino) antzerkiko aktore beteranoa du protagonista. Arrakasta iraganeko kontua dela onartu eman beharko du, eta horrek depresioa eragingo dio. Magia berreskuratzeko asmoz, harreman bat hasiko du emakume lesbiana gazte batekin.

Bande de filles

Iazko Cesar sarietan lau kategorietan proposatu zuten Bande de filles nerabezaroari buruzko drama. Céline Sciammak Mariame gaztearen egonezina pantailaratuko du. Harrapatuta sentitzen da gurasoek, eskolak eta auzoko mutilek ezartzen dizkioten arauengatik. Halako batean, neska talde bat ezagutuko du, eta onartu dezaten, eskola uztea erabakiko du. Hala, kaleko bizimodura egokituta, indarkeria, laguntasuna eta askatasuna uztartzen dituzten abenturak biziko ditu gazteak.

La famille Bélier

Frantziatik, halaber, Eric Lartigauren La famille Bélier helduko zaigu. Cesar sarietan emakumezko aktore berri onenaren saria jaso zuen Louane Emerak 16 urteko Paularen azalean egindako lanagatik. Béliertarrak gorrak dira, Paula izan ezik, eta hura arduratzen da interprete lanak egiteaz. Egun batean, baina, eskolako musika irakaslearen gomendioz, Radio France kateko abesbatzan sartzeko prestaketekin hasiko da, eta horrek senitartekoengandik urrunduko du.

Sexo fácil, películas tristes

Espainiatik, ostera, hiru proposamen. Batetik, egunotan Malagako Zinemaldian aurkeztu duten Alejo Flahen Sexo fácil, películas tristes dugu. Quim Gutiérrez eta Marta Etura dira filmeko protagonistak. Ernesto Alteriok gorpuztutako Pablo gidoigileari komedia erromantiko bat idazteko eskatuko diote, eta hala, Maria (Etura) eta Victorren (Gutiérrez) maitasun istorioaren lehen urratsak ikusiko ditugu. Baina bat batean, Pablo gidoigileak sormen-krisia jasango du.

Cómo sobrevivir a una despedida

Bestetik, Malagan baita ere aurkeztu duten Manuel Morenoren komedia dugu. 27 urteko neska talde bat haietako baten, Nora arduratsuaren, ezkondu aurreko agurra ospatzera joango da Kanaria Handira. Bidaia zentzugabea hasi besterik ez da egin.

Murieron por encima de sus posibilidades

Eta azkenik, iazko Donostia Zinemaldian estreinatu zuten Isaki Lacuestaren Murieron por encima de sus posiblidades. Krisi ekonomikoa, eta baita mundo mailakoa ere, konpondu asmoz, Banku Zentraleko presidentea bahitzea erabakiko dute bost lagunek.

The Legend of Sarila

Kanadatik, ostera, haurrentzako animaziozko lan bat helduko zaigu. Nancy Florence Savardek zuzendu du 2013ko Gijongo Zinemaldian animaziozko film onenaren kategorian proposatu zuten artikoko tundrako inuit tribuari bati buruzko lana. Magia, tradizioa, inuiten ohiturak eta bizimodua, laguntasuna eta askoz gehiago kontatuko ditu.

The Pyramid

Beldurrezko generoa gustuko duten horientzat, The Pyramid frantziarra. AEBtako arkeologo talde batek desagertutako piramide bat aurkituko du Egiptoko basamortuan, eta barrura sartuko da. Labirintoan galdu egingo dira berehala, eta irteera aurkitzen ahaleginduko dira, zerbait jarraika dutela ohartuko diren arte. Grégory Levasseur frantziarrak zuzendu du lana.

Paul Blart: Mall Cop 2

Eta azkenik, hona hemen Mall Cop sagako bigarrena. Andy Fickmanek gidatu du Paul Blart supermerkatu bateko segurtasun zaindariari buruzko komediaren atal berria. Oraingoan, Las Vegasera joango da erakusketa bat zaintzera, eta alaba Maya berarekin eramango du, laster atzerrira joango baita ikastera. Erakusketa zaintzen duen bitartean, hainbat ezusteko suertatuko dira, eta Blartek ahal bezala konpondu beharko ditu.